EAE-ko Hauteskundeak 2024 -
Urkullu-Mas bileraren ostean
Kataluniara murrizketak ikastera joan al zen galdetu dio Lopezek EAJri
Patxi Lopezek Urkulluren eta Masen arteko bilera kritikatu du eta "galdeketa independentista bat nola egiten den ikastera" joan ote den galdetu dio EAJko presidenteari.
Erredakzioa
Kataluniara zertarako joan zen galdetu dio Patxi Lopezlehendakariak Iñigo Urkulluri, eta ildo honetan, "Artur Masekin argazkia ateratzera edo murrizketen eskolan ikastera" joan ote zen galdetu dio.
Gasteizen egin duen ekitaldi batean, ostiralean, Kataluniak hurrengo legegintzaldian autodeterminazio galdeketa bat egiteko konpromisoa hartu eta hurrengo egunean, Iñigo Urkulluk eta Artur Masek Bartzelonan izan zuten bilera kritikatu du.
"Zertarako joan zen Urkullu Bartzelonara?", galdetu du Lopezek. "Argazkia egitera edo murrizketen eskolan ikastera?". Izan ere, Kataluniakoa "Espainia osoan murrizketa gehien egin dituen Gobernua" dela aipatu du.
Halaber, "agian galdeketa independentista bat nola egiten den ikastera" joan dela adierazi du, eta planak "ezkutatzea" egotzi dio. Ildo honetan, Urkulluk Mariano Rajoyren murrizketa berak ezarriko dituela eta Ibarretxe Planaren "zatiketaren" arora bueltatuko dela esan du. Bestalde, alderdi popularreko kideak "murrizketen politikari men egingo" diotela uste du eta "krisiaren ondorioak ahulenen gainean jarriko dituztela".
EAEko PPk Rajoyren murrizketei emandako babesak eurekin zuten akordioa haustea ekarri zuela ekarri du gogora, eta lehendakari den bitartean, ez duela murrizketarik ezarriko gaineratu du.
Azkenik, proposatu duen zerga erreformak "iruzur egiten dutenek eta diru gehien dutenek zerga gehiago ordaintzea" bilatu nahi duela esan du. Gobernatzen badu, gainera, ez duela "proposamen independentistarik" egingo ziurtatu du.