EAE-ko Hauteskundeak 2024 -

Adierazpenak

Mintegik 'akordio zabalak' eta erabakitze eskubidea sustatu nahi ditu

EH Bilduren lehendakarigaiak gutxi barru Urkullurekin bilduko dela iragarri du. Hautagai abertzalearen arabera, "indar konstituzionalistek porrot egin dute" hauteskundeetan.

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia. Argazkia: Efe
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia.
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaia. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoekin "akordio zabalak" lortzearen aldeko apustua egin du, eta koalizio abertzaleak "Madrilgo inposizioak jarraitu gabe erabakitzeko eskubidea" aldarrikatuko duela hitzeman du.

Mintegik prentsaurrekoa eman du Donostian, EH Bilduko legebiltzarkideekin batera, atzoko hauteskundeetako emaitzen irakurketa egiteko. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatzen duten koalizioa bigarren indarra da EAEn 21 legebiltzarkiderekin, EAJren atzetik.

Lehendakarigaiak iragarri duenez, Iñigo Urkullu irabazlearekin egingo du bilera aurki, baina ez du argitu zein gobernu koalizio lehenesten duen, izan ere, horren ekimena hauteskundeak irabazi dituen alderdiari dagokiola azpimarratu du.

Hala ere, Mintegi akordio zabalak lortzearen alde agertu da, eta Eusko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidea planteatuko omen du "normalkuntza lortzeko bidea lehenebailehen hartzeko".

Hautagai abertzaleak ez du argitu lehendakarirako hautagai izateari eutsiko dion, hori koalizioaren barne eztabaidetan erabaki behar baitute. Era berean, ez du adierazpenik egin nahi izan Gipuzkoan EH Bilduk izandako boto beherakadari buruz, datuen "azterketa sakona" egin beharra dagoelako. Hala ere, hauteskundeetan "indar konstituzionalistek porrot" egin dutela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea