EAEko hauteskundeak 2020: EAEko hauteskundeak, uztailaren 12an | EITB Hauteskunde autonomikoak

EAE-ko Hauteskundeak 2020

01:16

EAE-ko Hauteskundeak 2020

U-21

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, eta EH Bildu bigarren indarra da

Manu Gimenez

Erredakzioa

Jeltzaleek 27 legebiltzarkide eskuratu dituzte, EH Bilduk baino sei gehiago. PSE-EEk 16 legebiltzarkide izango ditu; PPk, 10, eta UPyDk, 1. EBk eta Ezker Anitzak azkenean ez dute ordezkaririk izango.

01:04
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

EAJk, Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren alderdiak, irabazi ditu EAEko hauteskundeak, 27 legebiltzarkide lortuta, eta jeltzaleengandik sei eserlekura gelditu da EH Bildu koalizio abertzalea, 21ekin. PSE-EE hirugarren indarra izango da, 16 eserleku eskuratuta; PPk 10 ordezkari izango ditu, eta UPyDk eutsi egingo dio Legebiltzarrean duen ordezkari bakarrari. Ezker Batuak, ordea, ez du legebiltzarkiderik izango datozen lau urteetan, eta Ezker Anitzak ere ez du lortu lehenengo aldiz Legebiltzarrean sartzea.

Aurreko hauteskundeetan ezker abertzalea falta zenez, gaurko emaitzen ostean, EH Bildu koalizioak izan ezik, alderdi guztiek galduko dituzte legebiltzarkideak: EAJk 3, PSE-EEk 9 eta PPk 3. Boto kopuruari dagokionez, herritarren % 34k babestu dute hautagai jeltzalea, lautik batek EH Bildu eta Laura Mintegi lehendakarigaia, % 19k PSE-EE eta % 11k PP.

Parte-hartzea % 65,83koa izan da, eta abstentzioa % 34,41era iritsi da.

Adierazpenak

Emaitzen berri izan eta berehala, Urkullu gustura agertu da Sabin Etxean, jarraitzaileen zoriontasun oihuen artean, eta akordio zabal, plural eta egonkorren alde egin du, "Euskadiren erronkek hori eskatzen" baitute.

Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak, bestalde, Legebiltzarrean "hirutik bi abertzaleak" izango direla azpimarratu du, ezker abertzaleak inoiz lortu dituen emaitza onenak ospatzen ari zirenean, Bilbon, Casillan.

Patxi Lopez jarduneko lehendakaria ez da horren gustura agertu, eta emaitza hobeak espero zituela aitortu du. Dena dela, argi adierazi du "sozialisten abentura" oraindik ez dela amaitu.

"Ezker abertzalearen itzulerarekin zaila izango zela bagenekien, baina eserleku gehiago espero genituen", adierazi du, etsita, Antonio Basagoiti PPren hautagaiak, 13 legebiltzarkide izatetik 10era pasatu direla ikusita.

Gorka Maneiro UPyDko ordezkariak azpimarratu du bere alderdia aurreko hauteskundeetan lortutako "eserleku kopuruari eutsi dion alderdi nazional bakarra" izan dela eta "konstituzionalismoaren borroka" irabaziko dutela.

Mikel Arana Ezker Anitza-IU alderdiko lehendakarigaiak dimisioa aurkeztuko duela iragarri du, legebiltzarkiderik ez duela lortu jakin eta gero.

Ezker Batua-Berdeak (EB) Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da, 28 urtez ordezkaritza izan ostean; alderdiaren zuzendaritzaren ustez, Euskadiko "ezker sozialaren hausturak" azaltzen du emaitza.

Emaitzak lurraldeetan eta hiriburuetan

EAJk garaipen zabalak lortu ditu Bizkaian (EAJ, 11; EH Bildu, 6; PSE-EE 5, eta PP, 3) eta Araban (EAJ 7, EH Bildu 6, PSE-EE 6, PP 5 eta UPyD 1). Gainera, Gipuzkoan (EH Bildu 9, EAJ 9, PSE-EE 5 eta PP 2) lehenengo indarrarengandik, EH Bildurengandik, 500 boto eskasera geratu da, legebiltzarkide kopuru berberarekin.

Hiriburuetako emaitzei begiratuta, EAJk hiru hiriburuetan irabazi du. Bilbon ez da ezustekorik izan, eta EAJ izan da nagusi PSE-EEren, EH Bilduren eta PPren aurretik. Gasteizen, PSE-EEren aurretik irabazi du, eta hirugarren lekuan geratu da PP, Alkatetza badu ere. Donostian ere antzekoa gertatu da, eta, EH Bilduk alkatetza duen arren, EAJk irabazi du, bigarren PSE-EE geratu da, eta hirugarren izan da koalizio abertzalea.

Gehiengo abertzalea

Legebiltzarrean indar abertzaleak izango dira nagusi; izan ere, Legebiltzarraren ia bi heren (75etik 48) EAJren eta EH Bilduren esku geratuko dira.Legebiltzarrean inoiz baino parlamentari abertzale gehiago egongo dira datozen lau urteetan.

Itun posibleak, gehiengo osorako

Alderdi batek ere ez du gehiengo osoa lortu, eta akordioetara heldu beharko dira gehiengo osoarekin agindu nahi badute. Hori horrela, boto gehien jaso duen alderdia izanik, EAJk hartuko du akordioak bilatzeko ardura, eta, PSE-EErekin eta EH Bildurekin ituna eginez gero, gehiengo absolutuan agintzeko aukera izango du. EH Bilduk, berriz, EAJrekin soilik izango luke gehiengo absolutuaren babesa.

Beraz, aurreko hiru urteetako Jaurlaritza ahalbidetu zuen PSE-PP ituna ez da errepikatuko, bien artean EAJren legebiltzarkide kopurura ere ez baitira iristen.

Istiluak

EAEko 748 hauteskunde-zentroek 20:00etan itxi dituzte ateak, aparteko istilurik gabe. Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, 5.000 ertzainek zaindu dituzte Bizkaiko 1.475 hauteskunde-mahaiak, Gipuzkoako 876ak eta Arabako 427ak.

Eguraldi txarrak eragindako arazoez aparte, normaltasuna izan da hauteskunde eguneko ezaugarri nagusia.

Istiluren bat aipatzekotan, Patxi Lopez jarduneko lehendakariak, botoa ematera joan denean, entzun behar izan dituen protesta oihuak azpimarra daitezke. Dozena bat lagunek presoen askatasuna aldarrikatu dute, Patxi Lopezen hautestontziaren ondoan, eta lehendakariak gogor kritikatu du jarrera hori.

Horretaz aparte, ez da istilu nabarmenik gertatu, kartelekin izandako gorabehera batzuk besterik ez.

Hauteskunde-kanpaina

Krisi ekonomikoa, autodeterminazioa eta estatu eredua izan dira gai izarrak ETAren indarkeria gabe egindako lehenengo hauteskunde-kanpainan. Gainera, Kataluniako independentismoak hartu duen indarrak eta Eskoziako erreferendumak puri-purian jarri dute eztabaida, ETBn egindako debateetan ikusi ahal izan den bezala.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena