Europakoak 2024 -
Maiatzak 25
Europan eskubideak berreskuratzeko eskatu die Valencianok gazteei
Europako Parlamenturako PSOEren hautagaiak maiatzaren 25eko hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du.
Erredakzioa
Elena Valenciano Europako Parlamenturako PSOEren hautagaiak maiatzaren 25eko hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, "Europar Batasuneko politikaren norabidea aldatzeko". Halaber, Europan eskubideak berreskuratzeko eskatu die Valencianok gazteei.
Espainiako Gazte Sozialisten Foroaren itxiera ekitaldian egin ditu adierazpenok Valencianok, eta Europa "indartsu" eta "sentikorra" lortzeko "borrokatzeko" eskatu die gazteei.
"Belaunaldi bakoitzak erronka bat dauka: nireak demokraziaren erronka izan zuen, eta zuenak Europan eskubideak berreskuratzeko erronka dauka, zuen gurasoek eta aitona-amonek ahalegin handiz landu zituzten eskubideak", adierazi du.
PPk oraindik hautagairik aurkeztu ez duela eta PSOEn urduri dauden galdetuta, honako hau adierazi du: "Hauteskunde hauetako hautagaiak Juncker, Merkel, Rajoy, Cañete, Fabra, ... dira. Europako eskuina da gure etsaia".
2014ko Europako hauteskundeen garrantzia azpimarratu du Elena Valencianok. "Eskuinak herritarrak ez mobilizatzea nahi du, eta horregatik garrantzitsua da herritarrek hauteskundeetan parte hartzea".
Valencianok bere hitzaldian bereziki gogoan izan ditu gazteak, emakumeak eta langileak, eta Europar Batasuna aldatzeko zutabeak direla gaineratu du.