Europakoak 2024 -
Maiatzak 25
EH Bildu: 'EAJ eta UPN ere Europa eskuinetik eraikitzen ari dira'
Eskuinaren aurrean "guztien Europa" eraikitzeko eta justizia soziala babesteko apustua egingo du EH Bilduk.
Erredakzioa
Eskuina Europa klasista bat, bakar batzuentzako Europa inposatzen ari dela salatu du Josu Juaristi EH Bilduren Europako Hauteskundeetarako hautagaiak. Halaber, EAJ eta UPN alde horretan kokatu ditu, Espainiako Gobernuarekin eta Troikarekin batera. Egoera horren aurrean "guztien Europa" eraikitzeko indarrak batzeko dei egin die Juaristik herritarrei.
EH Bilduren Europa Parlamenturako hautagaia Errenterian izan da gaur propaganda banatzen.
Beste eredu bat posible dela uste du EH Bilduko ordezkariak:"Europar Batasunean dagoen gutxieneko horretatik gora hegan egin behar dugu, eta ez horren azpitik orain gertatzen den bezala". Juaristiren esanetan, "Euskal Herriak hori egiteko adinako oinarri ekonomikoak eta pertsonak baditu, baina horretarako arlo guztien subiranotasuna izan behar dugu". Ildo horretan, "arazoa" Eskuina bakar batzuentzako Europa klasista bat inposatzen aritzea dela gaineratu du.
"Hainbat urtetan, bereziki krisi ekonomikoaren aitzakian, Eskuinak gutxi batzuentzako Europa diseinatu du", azaldu du. Eta alde horretan kokatu ditu, ez bakarrik Troika edo Espainiako Gobernua, baita EAJ eta UPN ere.
Hori dela eta, EH Bilduko hautagaiak "guztien Europa eraikitzeko indarrak batzeko" deia egin du.