Hauteskunde Orokorrak -
Parte-hartzea
Parte-hartzea % 69,84koa izan da, abendukoan izandakoaren ia bera
Azken datua aurreko hauteskundeetako datutik gertu geratu da, 18:00etan zabaldutako datua demokraziako baxuena izan ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
2016ko ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan, % 69,84ko parte-hartzea izan da; hau da, abenduaren 20an izandakoaren ia bera (% 69,67koa izan zen orduko hauteskundeetan). Azkenean, botoa eman duten hautesleen kopurua ez da abendukoa baino askoz ere txikiagoa, 18:00etako aurrerapenak beste gauza bat aurreikusi arren; izan ere, hauteslekuak ixteko bi orduren faltan, parte-hartzearen datua demokraziaren historiako baxuena zen.
18:00etan, % 51,21ekoa zen parte-hartzea Estatuan. Datu hori aurreko hauteskundeetakoa baino askoz ere txikiagoa da, abenduaren 20koetan boto-emaileen % 58,22k eman baitzuten botoa ordu horretarako. Ekainaren 26ko hauteskundeetan ordu horretarako izan den datua demokraziaren historiako baxuena izan da.
EAEn, berriz, parte-hartzea % 51,36koa zen 18:00etan. Abenduaren 20an, aldiz, 7,6 puntu altuagoa izan zen, % 58,97koa izan baitzen orduko hitzorduan.
Nafarroan, parte-hartzea % 51,7koa izan da; hortaz, Foru Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan Estatuko batez bestekoa baino handiagoa izan da. Abenduaren 20an, hautesleen % 59k eman zuten botoa 18:00ak baino lehen.
Barne Ministerioaren web orrian emandako datuen arabera, parte-hartzea 2015eko abenduaren 20an izandakoa baino askoz ere baxuagoa izan da EAEko hiru lurraldeetan: Bizkaian, hautesleen % 53,03k eman dute botoa (% 60,03k, 2015eko abenduaren 20an); Gipuzkoan, % 49,87k (% 57,89k, aurreko hitzorduan); eta Araban, % 48,52k (% 57,48k, aurrekoan).
2011ko hauteskunde orokorretan, % 56,08ko parte-hartzea egon zen EAEn 18:00etarako.
Postaz egindako botoen kopurua, "oso handia"
Carmen Martinez Castro Estatuko Komunikazio idazkariak nabarmendu duenez, postaz emandako botoen kopurua "oso handia" izan da oraingo honetan.
22:30ean emango dituzte jakitera behin betiko datuak; Espainiako jarduneko Gobernuko presidenteordea, Soraya Saenz de Santamaria, eta Barne ministroa, Jorge Fernandez Diaz, arduratuko dira horretaz. Abenduaren 20ko hauteskundeetan, parte-hartzearen azken datua % 73,21ekoa izan zen.