AEB-ko HAUTESKUNDEAK -

Hirugarren eztabaida

Dena airean, azken eztabaidaren ostean

Obamak irabazi du hirugarren eta azken eztabaida, baina inkestetan berdinketa teknikoa dago oraindik.

Barack Obama, Bob Schieffe aurkezlea eta Mitt Romney. EFE
Barack Obama, Bob Schieffe aurkezlea eta Mitt Romney. EFE
Obamak irabazi du hirugarren eta azken eztabaida

01:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidente eta hautagai demokratak irabazi du hauteskunde kanpainiako hirugarren eta azken eztabaida, hauteskundeak egiteko 15 egun baino ez direnean falta. Dena dela, eztabaidek ez dute ezer argitu, eta inkestek berdinketa teknikoa erakusten jarraitzen dute.

Azken eztabaida atzerri politikei buruzkoa izan da, baina Obama eta Mitt Romney hautagai errepublikanoa ekonomiaz ere hitz egiten saiatu dira, herritarrei inporta zaien gai bakarra langabezia dela jakitun.

Nazioarteko gaietan, Obama irmo agertu da, presidente karguak emandako eskarmentuaz baliatuta, eta erasoan aritu da Romneyren aurka.

"Badakit ezin izan duzula inoiz atzerri politikarik gauzatu, baina horren inguruan iritzia eman duzun bakoitzean hanka sartu duzu", esan dio agintariak.

Horren ildotik, Obamak Irakeko inbasioa babestu izana eta ideia zaharkituak izatea egotzi dio Romneyri: "Gobernadore, atzerri gaietan, badirudi 80ko hamarkadako politikak berreskuratu nahi dituzula". Izan ere, atzerriko mehatxu nagusia Errusia dela aipatu du hautagai errepublikanoak, Al Kaida izan beharrean.

Romneyk defentsa arloan murrizketak egin nahi izatea eta, ondorioz, segurtasuna arriskuan jartzea leporatu dio Obamari, baina agintariak trebetasun eta ironia handiz erantzun dio: "1916. urtean baino ontzi gutxiago ditugula esan duzu, baina zaldi eta baioneta gutxiago ere baditugu, Indar Armatuak aldatu egin direlako".

Halaber, defentsa arloan, AEBen gastua hurrengo 10 herrialdeek batera dutena baino handiagoa dela gogorarazi du Obamak.

Romney Obamarekin eztabaidatzen saiatu da, baina mamian baino gehiago, desadostasuna tonuan zegoela zirudien. Obama erasoan; Romney denarekin ados, hori izan liteke eztabaidako laburpena.

Siriako iraultza demokratikoari dagokionez, errepublikanoak berandu erantzun izana aurpegiratu dio Obamari: "Urtebete joan da Al Asad [Siriako diktadoreari] alde egin behar duela esan zenionetik, eta harrezkero 30.000 zibil hil dira".

AEBetako presidenteak estrategia nazioartearekin eta Siriako oposizioarekin koordinatu duela erantzun dio.

Tentsio une handienetako bat Irango programa nuklearra hizpide hartzean etorri da. Gobernadore ohiak Teheranen aurrean ahul agertzea kritikatu dio Obamari, eta Etxe Zurira heltzen bada zigor zorrotzagoak ezarriko dituela aurreratu du.

Obamaren esanetan, baina, bere Gobernuak ezarritako zigorrek Irango dirua % 80 debaluatzea eta petrolio ekoizpenak 20 urte atzera egitea lortu dute.

Romneyk Israel gutxi defendatzea egotzi dio, baina Iranek eraso egingo balu, Tel Aviv defendatu egingo lukeela esan du Obamak. Hori bai, "esku hartze militarrak azken irtenbidea" izan behar duela gaineratu du.

INKESTAK

Lehen inkestek Obama jo dute hirugarren eztabaidaren garailetzat.

CNN telebista kateak egindako inkestaren arabera, herritarren % 48k demokrataren alde egin dute, eta % 40k, aldiz, Romneyren alde.

CBSren inkestak ere Obamari eman dio garaipena, baina alde handiagoaz: % 53 Obamak; % 24 Romneyk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea