AEB-ko Hauteskundeak -
Zita hauteslekuetan
Alkateak, gobernadoreak... Zer gehiago hautatuko dute hauteskundeetan?
AEBetako presidentea ez ezik, boto-emaileek beste hainbat kargudun publiko ere hautatuko dituzte.
Erredakzioa
Begirada guztiak Barack Obama AEBetako presidentearen eta Mitt Romney hautagai errepublikanoaren arteko lehian badaude ere, astearte honetan boto-emaileek beste hainbat gauza erabaki beharko dituzte hauteslekuetan.
Besteak beste, hautesleek Ordezkarien Ganberako 435 kideak, 33 senatari eta ehunka gobernadore, alkate eta kargudun publiko hautatuko dituzte. Gainera, 173 erreferendum egingo dituzte, hainbat estatutan.
Adibidez, Kalifornian, heriotza-zigorra indargabetu edo ez erabaki beharko dute. Estatu horretan 720 preso daude 'heriotzaren korridorean', eta zigor hori baliogabetuko balute, biziarteko espetxe zigorra ezarriko liekete.
Estatu horretan beste hainbat erreferendum egingo dituzte, hala nola aberatsenei zergak igo edo ez, kanpaina politikoak babesten dituzten sindikatuei diru-laguntzak kendu edo ez eta injeniaritza genetikoaren bitartez ekoitzitako elikagaien jatorria etiketetan zehaztu edo ez.
Lau estatutan, homosexualen arteko ezkontzak legeztatu edo debekatu erabakiko dute. Hori horrela, Marylanden, Mainen eta Washingtonen legeztatzea nahi duten galdetuko diete boto-emaileei, eta Minnesotan, aldiz, legez debekatzea nahi duten.
Oregonen eta Coloradon, marihuana kontsumo txikitan erabiltzeko legeztatu edo ez hautatuko dute, eta, Massachusettsen, tratamendu medikuetan erabili edo ez. Azken estatu horretan, gainera, sei hilabeteko edo gutxiagoko bizi-itxaropena dutenentzat eutanasia legeztatu edo ez ere galdetuko dute.
Alabaman, Montanan, Floridan eta Wyomingen, hautesleek Obamaren osasun erreformaren alde edo aurka bozkatuko dute. Dena dela, erreferendum sinbolikoa baino ez da izango, Auzitegi Gorenak oniritzia eman baitzion legeari, eta estatu batean indargabetzea legez kanpokoa baita.
Montanan, halaber, Estatuaren partetik zerbitzuak jasotzen dituztenek hiritartasun ziurtagiria aurkeztu behar duten ere erabakiko dute. Agiririk gabeko etorkinei laguntzak murrizteko saiakera da hori.