AEB-ko Hauteskundeak -
Boto-zenbaketari begira
Zenbaketari begira, Romneyren eta Obamaren abokatuak prest egongo dira
Bai kanpaina demokratak bai errepublikanoak hilabeteak eman dituzte gaurko eguna prestatzen. Inkesta guztien arabera, AEBetako Presidentetzarako hauteskundeak inoiz baino lehiatuagoak izango dira.
ERREDAKZIOA
Kaotikoa izango den zenbaketari begira, abokatu talde handia bildu dute Mitt Romneyk eta Barack Obamak. Inkesten datuen arabera, Etxe Zurirako lehia inoiz baino estuagoa izango da.
Zenbaketarako prestatzea ezinbestezkoa da; hori dela eta, kanpaina bakoitzaren abokatu taldeek hilabeteak daramatzate gaurko eguna antolatzen. Abokatuen lana boto-kutxak zaintzea eta irregulartasunak egotekotan horien berri ematea izango da. Gainera, botoen zenbaketa errepikatzea eskatu behar izatekotan, abokatuak egoera horri aurre egiteko prest egongo dira.
Abokatuen presentzia nabarmenagoa izango da giltzarri diren estatuetan. Estatu horietan irabaztea funtsezkoa izango da garaipena batak ala besteak lortzeko. Adibidez, Romneyren kanpainak 1.000 abokatu inguru bildu omen ditu Virginian.
Bi kanpainak "edozein ezustekori aurre egiteko prest" daude.