Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
Radio Euskadi
EAJ: 'Katalunian gertatzen denak Estatu espainiar osoari eragingo dio'
Egibarrek azpimarratu du Kataluniako prozesua posible izan dela aspaldidanik alderdi politiko guztiek 'bide politikoak eta demokratikoak' erabili dituztelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidentearen esanetan, "nabarmena" da Katalunian gertatzen denak Estatu espainiar osoari eragingo diola. Halaber, azpimarratu du Kataluniako prozesua posible izan dela aspaldidanik alderdi politiko guztiek "bide politikoak eta demokratikoak" erabili dituztelako.
Radio Euskadiko "Parlamento en las ondas" saioan Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako kideek atzoko Diada edo Kataluniaren eguna eta irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeak izan dituzte hizpide.
Egibarren esanetan, Katalunian gertatzen denak Espainiari ez ezik Euskadiri ere eragingo dio. Are gehiago, buruzagi jeltzaleak uste du erreferendum bat egitea debekatzen denean ez dagoela izaera plebiszitarioa izango duten hauteskundeak deitu beste erremediorik.
Ordezkari jeltzalearen hitzetan, Kataluniako prozesua posible izan da azkeneko hamarkadatan bertako alderdi politiko guztiek "bide politiko eta demokratikoak" erabili dituztelako eta "gizarte mobilizazioaren eta erakundeen arteko bat egitea gertatu delako".
Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du mugimenduan dagoen herri baten "iraultza lasai" baten eszenaratzea izan zela atzoko mobilizazioa.
Matutek uste du ez dela nahikoa Katalunian gertatzen dena begiratzea eta "jarrera konprometitua" izatea aldarrikatu du. "Etorkizunean Euskadin izan ditzakegun zailtasunak orain Kataluniak erabakitzeko izan ditzakeen berdinak dira", adierazi du. "Erabakitzeko garaia da eta Euskal Herrian zutik jarri behar dugu, horrela katalanei alituak bilatzen lagunduko diegulako", gaineratu du.
Bestalde, Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak aitortu du atzoko manifestazioa Kataluniako nazionalisten "indar erakustaldia" izan zela, baina gogoratu du ospatzen den laugarren Diada jendetsua dela. Dena den, Pastorrek onartu du Katalunian arazo politiko bat dagoela eta elkarrizketaren bidea saihestezina izango dela.
'Popularren' izenean Carmelo Barrio legebiltzarkideak adierazi du Kataluniako egoerak Euskadiri eragingo diola eta horrek EAJren eta EH Bilduren arteko harremanetan zer eragin duen ikusi beharko dela.
Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen iritziz, "irudi oso tristea" izan zen atzokoa; izan ere, "tristea da muga berriak eraikitzea eskatzeko elkartu diren milaka pertsona ikustea".