Kataluniako Hauteskundeak 2024 -
I27
Junts pel Siren garaipen argia I27an, hainbat inkestaren arabera
Lau galdeketek bat egiten dute: zerrenda bateratuak irabaziko ditu hauteskundeak (59-66 eserleku lortuko ditu) eta Ciutadans izango da bigarren.
EITB.EUS
La Vanguardia, El Mundo, La Razon eta El Diario.es egunkariek irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskunde autonomikoen inguruko inkesta kaleratu dute gaur. Lauren arabera, independentziaren aldeko indarrek gehiengo absolutua lortuko dute, eta Junts pel Si zerrenda bateratuak garaipen argia eskuratuko du. Romeva buru duen hautagaitzak 59 eta 66 ordezkari artean lortuko ditu, baina CUPen babesa beharko du ganberan gehiengo osoa (68) eskuratzeko. Ciutadans bigarren indar izango da, 19-21 ordezkarirekin.
Sigma Dos etxeak El Mundo egunkariarentzat egindako inkestak eman dio Masek sustatutako zerrendari ordezkari gehien: 65-66 eserleku. Gehiengo osotik oso gertu geratuko da, horrenbestez. Dena dela, CUPen bederatzi ordezkariren babesa beharko du nagusitasun hori egonkortzeko.
Ciutadans bigarren indarra izango da, galdeketa horren arabera. Ganberan bederatzi ordezkari izatetik, 19-20 izatera pasatuko da. Catalunya Si que es Pot izango da hirugarren indarra (14 ordezkari), PSC (13-14) eta PPC (12-13) alderdien aurretik. Unio Parlamentutik kanpo geratuko da edo bi ordezkari lortuko ditu.
La Vanguardia egunkariaren arabera, Junts pel Si zerrenda gehiengo osotik gertu geratuko da, botoen % 40,7 eta 63-65 ordezkari lortuta. Ciudadanos alderdiak 21 eserleku eskuratuko ditu. Gainerakoan, horrela osatuko da Ganbera: Catalunya Si que es Pot (15 ordezkari), PSC (12-14), PP (12-13) eta CUP (8).
La Razón eta El Diario.es egunkarien galdeketek antzeko emaitzak aurreikusi dituzte, baina Junts pel Siren garaipena 'apalagoa' (59 eserleku) izango da, horien arabera.
Independentzia
Hauteskunde eguneko emaitzez gain, hitzorduaren osteko prozesuaz galdetu diete herritarrei La Vanguardia-k eta El Mundo-k.
Kataluniako egunkariak zabaldutakoaren arabera, herritarren % 20k bakarrik uste dute prozesu politikoak independentzia ekarriko duela. Galdetutakoen % 42k espero dute Madrilekin akordioa lortzea, eta % 47k ez dute itxaropen handirik horren inguruan.
Balizko elkarrizketa bat bultzatzeko aukeraren alde agertu dira PPren boto-emaileen % 71, eta ICV (% 62), Ciutadans eta PSC (% 55) alderdietako boto-emaile gehienak ere horren aldekoak dira. Ikuspegi ezkorragoa dute independentziaren aldekoek; CiU (% 33), ERC eta CUP (% 28) alderdien boto-emaileak.
Inkestaren arabera, herritarren % 15ek babestuko du alde bakarreko independentzia aldarrikapen bat. % 52,1en arabera, Artur Masek bere proiektuari muzin egin beharko dio, botoen gehiengo osoa lortzen ez badu.
El Mundo egunkariak kaleratutako galdeketak ere horren inguruan galdetu die herritarrei. Horren esanetan, galdetutakoen % 16,8k bakarrik babestuko dute alde bakarreko independentzia aldarrikapena.