11:33

Nafarroa

Foru Parlamentua

Uxue Barkosen inbestidurak aldaketa gauzatuko du gaur Nafarroan

eitb.eus

09:30ean Foru Gobernuko presidentearen inbestiduraren gaineko eztabaida hasiko da. Aste honetan, Gobernurako akordioa eta Geroa Bairen hautagaiaren taldea osatu eta aurkeztu dute.

  • Hautagaiak osatuko duen Gobernuaren programa politikoa azalduko du. Irudia: Nafarroako Parlamentua

    Hautagaiak osatuko duen Gobernuaren programa politikoa azalduko du. Irudia: Nafarroako Parlamentua

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Nafarroan 2015eko udal eta foru hauteskundeetako kanpainan iragarritako eta boto kutxetan babestutako aldaketak aurrerapauso handia egingo du astelehenean Uxue Barkos Nafarroako hurrengo presidentearen inbestidura ekitaldian.

Nafarroako Parlamentuko Saioa bihar, uztailak 20, egingo dute, 09:30etik aurrera, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko presidentearen inbestidura eztabaidarekin.

Parlamentu nafarraren arabera, saioa hasitakoan, Parlamentuko presidenteak Gobernuko Presidentetzarako hautagaia proposatuko dio Ganberari.

Ondoren, hautagaiak osatu nahi duen Gobernuaren programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe, eta Ganberaren konfiantza eskatuko du.

Atsedena egin eta gero, ordubetez, Parlamentuko alderdi eta talde bakoitzeko ordezkari banak hitza hartuko du -hala eskatuz gero-, handienetik txikienera, eta 30 minutukoa izango da txanda bakoitza.

Horrezkero, hautagaiak nahi beste alditan hitz egingo du. Banan banakako erantzunak ematen badizkie alderdiei, ordezkariek erreplikarako eskubidea izango du; era berean, hautagaiak modu orokorrean erantzuten badu, ordezkariek ere erreplikarako eskubidea izango dute. Erreplikaren iraupena 10 minutukoa izango da, gehienez. Gainera, hautagaiak berriz ere erantzuteko aukera izango luke, nahi izatekotan.

Hala, bozketari ekingo diote, Parlamentuko presidenteak zehaztutako orduan, eta bozketa sekretua izango da. Hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren babesa jasotzen badu, bukatutzat emango da.

Alabaina, aipatutako gehiengoa ez badu lortzen, bigarren bozketa egin beharko dute 24 ordu geroago, kasu honetan, gehiengo sinplea beharko da ontzat emateko.

Akordio historikoa

"Azken bi hilabeteetan egindako lanaren emaitzaren poza" agertu zuten ostiralean Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek Nafarroako Gobernuan aldaketa gauzatzeko lortu duten akordio programatikoaren sinadura ekitaldian. Horren arabera, Uxue Barkos izango da Nafarroako presidente berria, eta lau alderdietako ordezkariek azpimarratu zuten akordioak "balio historikoa" duela "aldaketarako oinarriak" finkatzen dituelako.

Lau alderdietako ordezkariak bat etorri ziren akordioaren balorazioa egiterakoan eta, datorren astetik aurrera, programa martxan jartzeko itxaropena agertu zuten. Astelehenean izendatuko du Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos Foru Gobernuko presidente eta datorren astean bertan hartuko dute kargua presidente eta bederatzi kontseilariek.

Uxue Barkos Nafarroako presidente izango denaren esanetan, itunak badu "zerikusi handia politika beste modu batera egitearekin". "Orduak eta orduak eman dituen akordioa" lortzeko lan gogorra egin dute "talde zabal eta konplexuak", azaldu zuenez. Barkosen hitzetan, "hau ez da bakoitzaren programaren zatitxo bat. Datozen lau lau urteetarako aldaketarako akordioa" baizik, erantsi zuen.

Gobernu taldea, osatuta

Astetako negoziazioen eta bilera ugariren ondoren, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak Nafarroako Gobernu berria osatuko duten kideen izenak ostegunean adostu zituzten; hau da, Uxue Barkos presidentearen eta Manu Ayerdi eta Miguel Laparra presidenteordeen kideak nortzuk izango diren.

Manu Ayerdi, Ekonomia presidenteorde izateaz gain, Industria, Berrikuntza eta Garapen; Lan-harreman, Merkataritza, Turismo eta Sustapen kontseilari izango da; Mikel Aranburuk hartuko du, hala ere, Ekonomia eta Ogasun kontseilaritza. Ayerdik, ziurrenik, EAJren Nafarroako presidente kargua utziko du Gobernuan sartzeko, Barkosek ez baitzuen alderdietako agintaririk nahi.

Gobernuan sartzeko, EAJn duen presidentetza eta Nafarroako Parlamentuan duen eserlekua utziko du Ayerdik.

Miguel Laparra NUPeko irakaslearen esku geratuko da Presidenteordetza Soziala, eta Gizarte Politikako, Enpleguko eta Etxebizitzako kontseilari ere izango da.

Gainera, Maria Jose Beaumont Presidentzia kontseilari izango da, eta berea izango da Funtzio Publikoaren, Segurtasunaren, Justiziaren, Larrialdi Agentziaren eta Gobernu Ireki eta Gardenaren ardura.

Gobernuaren bozeramailea Ana Ollo izango da, eta kontseilari kargua izango du Hizkuntza Politikan, Berdintasunean, Bake eta Elkarbizitzan eta Estrategia Bulegoan.

Isabel Elizalde izendatuko dute Nekazaritza Garapenerako kontseilari, eta Udal Administrazioaren, Ingurugiroaren eta Lurralde Antolaketaren kudeaketa ere hartuko du beregain. Ana Herrera, berriz, Kultura kontseilari izango da, eta Parte-hartzea, Kirola eta Gazteria ere bere esku izango ditu.

Bestalde, Fernando Dominguez eta Jose Luis Mendoza izango dira Osasun eta Hezkuntza kontseilari, hurrenez hurren.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    • BILATZAILEA
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena