Udal eta Foru Hauteskundeak -
Gasteiz
EH Bilduk 'PP kaleratuko du Arabatik, arriskutsuak direlako'
Hasier Arraiz koalizioaren legebiltzarkidearen esanetan, "arriskutsuak dira -PPkoak-, gai dira elkarbizitza eta kohesio soziala arriskuan jartzeko boto apurren bat jasotzeko".
Agentziak | Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, EH Bilduk PP "kaleratuko" du Arabako erakundeetatik, "arriskutsuak direlako, elkarbizitza eta kohesio soziala arriskuan jartzeko gai dira, boto apurren bat jasotzeko".
Arraizek Miren Larrion Gasteizko alkategaiarekin batera parte hartu du ekitaldi batean, lurralde arabarreko politika aztertu eta bertoko proiektu politikoa aurkezteko.
Hitzaldian, Sortuko ordezkariak Arabako PPk aste honetan egindako proposamenaren kontra egin du. PPk hizkuntza eskumena bere gain hartze eskatu du (orain Jaurlaritzaren esku dago), nazionalismoak arabarrak baztertu eta lanpostu publikoetara heltzea oztopatzen dituelako, euskara dela eta egiten dituen "inposizioekin".
Arraizek, horren ildotik, esan du euskara "betidanik" izan dela "kohesio soziala eta gizarteratzea" sustatzeko "tresna". Gainera, harro agertu da Araban "belaunaldi berri" bat agertzen ari delako, euskara ama hizkuntza duena.
"Pertsona horiek dira Arabako etorkizuna eta PP, ordea, iragana da, eta iraganera bidaliko du EH Bilduk maiatzaren 24ko datozen udal eta foru hauteskundeetan", gaineratu du.