Udal eta Foru Hauteskundeak -
EAJ
Europa eta EAE lotzeko euskal 'Y'-a defendatu du Eneko Goiak
Gainera, "Donostia Hendaiarekin eta Estatu frantsesarekin lotzeko hirugarren bidea 2018rako martxan egotea" eskatuko du Donostiako Alkatetzarako EAJren hautagaiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eneko Goia Donostiako Alkatetzarako EAJren hautagaiak euskal 'Y'-a defendatu du gaur, haren irudiko, Europa eta EAE lotzeko bide nagusia baita. Gainera, "Donostia Hendaiarekin eta Estatu frantsesarekin lotzeko hirugarren bidea 2018rako martxan egotea" eskatu du.
Intxaurrondoko auzoan, Donostialdeko Metroaren geltokiaren parean, izandako hauteskunde-ekitaldian parte hartu du Goiak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai jeltzalearekin batera.
Mugikortasunarekin lotutako erronka nagusiez hitz egin du Eneko Goiak. Halaber, Donostia "oinezkoen hiri" bihurtuko duela hitzeman du. Horretarako, hainbat kale edo zenbait auzoetako zatiak oinezkoentzat egingo dituela aurreratu du, esaterako, erdigunea, Amara, Gros edo El Antiguo.
Bestalde, bizikletaren erabilera sustatzeko apustua egingo du EAJk, aparleku babestuak edo bidegorrien sarea garatuta, besteak beste. Garraio publikoari dagokionez, eraginkortasuna bilatzea helburu duen ereduaren alde azaldu da.
Trenbideari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzaren eta ADIFen arteko hitzarmenaren alde egin du Goiak, xede izanik Loiolako Erriberetan komuneko geltokia egitea, Eusko Treneko eta Renfeko lineekin zuzeneko lotura sortu ahal izateko.
Donostialdeko Metroari dagokionez, Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren arteko lankidetza proposatu du hautagai jeltzaleak, obra-plangintzetan ekintzak adosteko, tartean, Loiola, Altza edo Lugaritzeko geltokien urbanizatze berria.