Udal eta Foru Hauteskundeak -

SOZIOMETROA

EAJk Araban eta Bizkaian irabaziko du, eta EH Bilduk Gipuzkoan

Soziometroaren arabera, Donostian EAJk aurrea hartuko dio Bilduri, 0,2 puntuko aldearekin. Bilbon ere EAJ nagusituko da, gehiengo osoa galduta, eta Gasteizen PP, jeltzaleekin ia berdinduta.

EAJk Araban eta Bizkaian irabaziko du, eta EH Bilduk Gipuzkoan

1:38

IDOIA ALBERDI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Araban eta Bizkaian irabaziko du, eta EH Bilduk Gipuzkoan, Udal eta Foru Hauteskundeak 2015eko boto aurreikuspenaren inguruan Eusko Jaurlaritzak gaur kaleratu duen soziometroaren arabera. EAEko hiriburuei dagokienean, EAJk irabaziko du Donostian eta Bilbon, eta Alderdi Popularra izango da garaile Araban. Jeltzaleek Bizkaiko hiriburuan gehiengo osoa galduko dute. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak  apirilaren 22tik 29ra bitartean egindako inkestak utzitako datuak dira. Orotara, 3.388 elkarrizketa egin zituzten.

Boto-asmoari dagokionean, Arabako Batzar Nagusietan aldaketa aurreikusten du galdeketak; EAJ izango da lehendabiziko indarra (% 20,7), eta hiru dezima eskasera izango du EH Bildu (% 20,4), betiere, boto-asmoari dagokionean. Alderdi abertzaleen atzetik, alde oso txikiarekin, Alderdi Popularra (% 19,7) dago. PSE ( % 15) laugarren indarra izango da Araban, eta Podemos ( % 12,2) bosgarrena.

Araban eta Gipuzkoan 2011ko argazkia ez da asko aldatuko. Gipuzkoan EH Bilduk ( % 31) lehen postuari eutsiko dio eta lau puntura EAJ ( % 26,5) izango du. Dezenteko aldearekin, laugarren postuan, PSE ( % 15,1) geratuko da, hirugarren Podemos (% 11,1) eta bosgarren PP (% 8,2).

Bizkaian EAJk lehen postuan jarraitzen du, % 34ren babesarekin. EH Bildu izango du atzetik,  % 20,9rekin. PSE ( % 14), Podemos (% 12,3) eta PP ( % 9,7) dira, hurrenez hurren, hurrengo indarrak.

 

Hiriburuetako emaitzak

Soziometroaren arabera, EAEko hiriburuetan aldaketak egongo dira: jeltzaleek Bilbon nagusitasunari eutsiko diote ( % 38), baina Iñaki Azkunak duela lau urte eskuratutako gehiengo osoa galduta. Donostian, berriz, EAJk (%  26)  aurrea hartuko dio EH Bilduri (% 25,8), bi hamarrengatik. Zinegotzi kopuruan berdinduta egongo dira, zortzina ordezkarirekin. Eta Gasteizen PP (% 20,5) izango da lehen indarra, jeltzaleekin (% 20) ia berdinduta.

Arabako hiriburuan egongo da lehiarik estuena; EAJk (% 20), EH Bilduk (% 19,5) eta PPk (% 20,5) seina ordezkari lortuko dituzte Gasteizko Udalean. Boto-asmoari dagokionean baina, PPk irabaziko du 0,5eko aldearekin. PSE-EEk (% 16,5) bost zinegotzi izango ditu, Sumando-Hemen Gaudek (% 9) hiru eta Irabazi-Ganar alderdiak (% 5) ere hiru.

Bilbon, orain lau urte bezala, EAJk (% 38) irabaziko du, baina gehiengo absolutua galduta, 13 ordezkarirekin. Ezker abertzaleko koalizioa (% 14,6) izango da bigarren indarra, PP (% 14,5) hirugarrena, Udalberri (% 13) laugarrena eta PSE-EE (% 12) bosgarrena. Azken lau taldeok launa zinegotzi izango dituzte.

Donostian ere EAJ ( % 26) gailenduko da, EH Bilduri (% 25,8) alde oso txikia aterata. Zortzina ordezkari izango dituzte Udalean bi taldeok, Soziometroak utzitako datuen arabera. PSE-EE (% 17,5) eta PP (% 15,5) ere, berdinduta egongo dira zinegotzi kopuruan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Udal eta Foru hauteskundeak 2015