Udal eta Foru Hauteskundeak -

M24

'Botoak aktibatzeko' EAJk izan duen 'gaitasuna' onartu du Izagirrek

Donostiako alkatearen hitzetan, 'EH Bilduren politika egiteko modu berria finkatuta geratu da hirian'.

Juan Karlos Izagirre: 'Ez dugu botoak aktibatzen jakin'

00:40

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan du atzoko udal hauteskundeetan jasotako emaitzen ondorio nagusienetakoa "botoak aktibatzeko beste alderdi batzuk izan duten gaitasuna" dela. Hor ikusten du Izagirrek EAJren garaipenaren arrazoia.

Donostian goizean eskaini duen prentsaurrekoan egin du atzoko egunaren inguruko gogoeta EH Bilduko kideak. Gipuzkoako hiriburuko lehen indarra izatetik hirugarrena izatera igaro da ezker abertzaleko koalizioa, EAJren eta PSE-EEren atzetik.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak atzo emaitzak jakin berritan egindako adierazpenen inguruan galdetuta, Izagirrek koalizioaren proiektua nabarmendu du. "EH Bilduren politika egiteko modu berria finkatuta geratu da hirian", Izagirreren ustez. Jasotako 20.500 bozak babes horren erakusle direla adierazi du.

"Egia da, baita ere, beste alderdi batzuek botoak aktibatzeko izan duten gaitasunik ez dugula izan, eta hori sakon aztertu beharko dugula", esan du.

Donostiako alkateak azken lau urteotan egindako lana "oso positiboa" dela nabarmendu du. "Jaso ditugun 20.500 botoek argi erakusten dute gure proiektua ulertzen eta partekatzen dutela herritarrek. Bide horretan lanean jarraituko dugu", gaineratu du.

Udalean EH Bilduko bozeramaile izaten jarraituko duen bi aldiz galdetu dioten arren, Izagirrek ez du erantzun argirik eman. Juan Karlos Izagirre baino, egitasmoa dela garrantzitsua adierazi du.

"Hainbat helburu, beteta"

Peio Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak, bestalde, onartu egin du koalizioak ez duela asmatu "hurrengo urratsa emateko indarrak batzen". "Beraz, autokritika egitea dagokigu", esan du.

EH Bilduk 300.000 lagunen botoa jaso izana baloratu du Urizarrek. "Oinarri sendoa dugula erakusten dute emaitzek, eta hori herri modura aurrera egiteko ezinbesteko tresna da", zehaztu du.

Horren hitzetan, "EH Bilduk helburuetako batzuk bete ditu, beste batzuk ez. Seguruenik, ez dugu lortu hurrengo urratsa emateko behar genuen babesa. Garbi ikusi da, halaber, EAJ gai izan dela PSE-EEk eta PPk galdutako botoak erakarri eta batzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eneko Goia EH Bildu