Udal eta Foru Hauteskundeak -

Lurrikara PP-n

Fabrak, Rudik eta Bauzak PPko lidergoa utziko dute M24ko emaitzengatik

Alderdi bozkatuena izan den arren, popularrek 513 gehiengo oso galdu dituzte. Valentziako Alberto Fabra edo Balear Uharteetako Jose Ramon Bauza baroiek aldaketa eskatu dute.

Rajoy, burumakur, bere lidergoa kolokan jarri duten kritiken aurrean. EFE
Mariano Rajoy
Rajoy, burumakur, bere lidergoa kolokan jarri duten kritiken aurrean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoyk ezikusiarena egiten duen arren, Alderdi Popularrak ez ditu emaitza onak lortu maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan: bi milioi eta erdi boto eta 513 gehiengo oso galdu zituen, 2011ko datuekin alderatuta.

Popularrak gako diren hainbat udaletako gobernuetatik kanpo gera litezke datozen egunetan; Madril, Valentzia, Sevilla, Malaga, Alacant, Mallorca eta Kordoba hirietan, besteak beste.

Emaitzok lurrikara eragin dute alderdian, Mariano Rajoyren lidergoa kolokan jartzeraino. PPko goi kargudun ezagunek norabidea aldatzearen alde agertu dira; Alberto Fabra Valentziako burua, Juan Ramon Bauza Balear Uharteetakoa, Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongoa edo Luisa Fernanda Rudi Aragoikoa, tartean.

Hauteskundeen biharamunean, alderdiko "baroiak" bildu zituen Rajoyk lehen balorazio bat egiteko. Gobernuburuak orduan esan zuenez, oraingoz ez du aldaketarik egingo ez alderdian ezta gobernuan ere. Ondotik iritsi dira ahots kritikoak.

Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidentea izan da zorrotzen ibili denetako bat. Herrerak eskualdeetako presidenteekin bilera deitu du gaurko, emaitzak aztertze aldera. Alderdi Popularrak 870 zinegotzi galdu ditu eta Gorteetako gehiengo osotik eserleku batera geratu da.

"Moduak, estrategiak eta aurpegiak" aldatu beharra

Esperanza Aguirrek ere argi hitz egin du. Madrilgo PPko presidente eta hiriburuko alkategaiak iragarri duenez, aparteko kongresu bat deituko du alderdi barruan "aldaketak eta erreformak" bultzatzeko, "mugarik gabe". "Alderdi Popularra berriz definitu behar dugu, eta nik Madrilen emango dut pausoa", nabarmendu du.

Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak adierazi du eskualdeko aparteko kongresua antolatuko dutela eta ez dela hautagai izango.

Alberto Fabra Valentziako presidenteak eta Luisa Fernanda Rudi Aragoikoak lidergoa utziko dute eskualdeko kongresua egiten dutenerako.

Ordura arte, talde parlamentarioko kide izaten jarraituko du Rudik, baina ez da bozeramaile izango (ezkerreko alderdiek gobernua osatzeko akordioa lortzen badute behintzat). Fabrak Valentziako emaitza "etsigarrien" erantzukizuna bere gain hartu zuen atzo, eta "ideiak eta pertsonak berritzeko premia" azpimarratu zuen.

Juanma Moreno Andaluziako PPko buruak "moduak, estrategiak eta aurpegiak" aldatzearen alde egin du. "Alderdiak freskotasuna galdu du", aitortu du.

"Begiratu ispilura eta erantzun zeure buruari"

Juan Vicente Herrera Gaztela eta Leongo presidenteak ez du argi utzi inbestidura saiorako hautagai izango denentz. Hori bai, zorrotz aritu da Rajoyri buruz aritzean: "Presidenteari honakoa esango nioke: begiratu ispilura eta erantzun zeure buruari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Rajoy Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Espainia Hauteskunde Autonomikoak