Udal eta Foru Hauteskundeak -

Itunak

Egonkortasun instituzionalerako akordioen alde azaldu dira EAJ eta PSE

Jeltzaleek Legebiltzarrera zabaldu nahi dute ''egonkortasun formula'', baina sozialistek diote akordioak udal eta aldundietara mugatu behar direla.

PNV-PSE
PNV-PSE
Akordioetara iristeko prestutasuna erakutsi dute EAJk eta PSEk

1:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal eta foru erakundeetan akordio instituzionalen negoziazioa abiatzea adostu dute EAJk eta PSE-EEk astearte honetan. Bi alderdiak egonkortasun instituzionalaren alde azaldu dira, eta ''egonkortasun formula'' hori Legebiltzarrera zabaltzeko nahia ere agertu dute jeltzaleek.

Hala ere, PSE-EEk jeltzaleei helarazi die bi alderdiek lor ditzaketen akordioak udal eta aldundietara mugatu behar direla, Legebiltzarrera zabaldu gabe, Europa Pressek aipatzen dituen iturri sozialisten arabera.

EAJko eta PSE-EEko ordezkariek bilera egin dute astearte honetan Bilbon, Sabin Etxean, maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak aztertu eta egoera jorratzeko.

Hitzorduaren ondoren, Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak adierazi du jeltzaleak prest direla sozialistekin koalizio gobernuak osatzeko euskal erakundeetan; horrez gain, ''egonkortasunaren formula'' Legebiltzarrera ere zabaltzeko asmoa agertu du, ''Jaurlaritzari dagokionean''. Egibarrek ere azaldu du sozialistak gobernuetan sartzeko aukera ''akordio programatiko sendo'' baten baldintzapean dagoela.

PSE-EEk, bestalde, jeltzaleei helarazi die ''ez dela egokia edozein akordio toki eta foru erakundeetatik haratago eramatea'', iturri sozialisten arabera. Horiek diotenez, gaurko elkarrizketaren ''abiapuntuetako bat'' izan da ideia hori.

Bilera horretan, bi aldeek akordiorako ''aldeko jarrera'' agertu dute, eta orain lurralde maila jarraituko dute negoziazioekin. Horietan ''alde programatikoa'' izango dute erdigune, gobernu sendo eta egonkorrak sortzeko, Joseba Egibar jeltzaleak eta Idoia Mendia sozialistak adierazi dutenez.

Programan oinarritutako negoziazioa

Egibarrek defendatu duenez, ''gobernu koalizioa'' da elkarlanerako ''formularik onena'', baina ohartarazi du horren akordio programatiko sendo eta egonkorra eskatzen duela, ''legegintzaldi osorako ibilbide orri batekin''.

2013ko udazkenean lortutako akordiotik abiatuko da negoziazioa orain, honako gai hauetan oinarrituta: enplegua, fiskalitatea, gizarte politikak, zerbitzu publikoak eta instituzioetako erreformak.

Bileraren ondoren Idoia Mendia PSE-EEko buruak adierazi duenez, akordio horretako hainbat atal foru aldundietan aplikatu behar direla, aldundiek baitute eskumena fiskalitate mailan, eta bertan garatzen baitira gizarte politikak eta enpleguaren sustapena.

Euskadiko sozialisten buruak azpimarratu duenez, akordioa ''hiru lurraldeetarako koherente'' izan behar du, hiru lurraldeetan lehentasunak ''berdinak'' direlako.

''Formula'', Legebiltzarrean ere

Buruzagi jeltzaleak azaldu duenez, ''egonkortasun formula'' hori EAEko beste erakunde batzuetara zabaltzea da asmoa, tartean Legebiltzarrera, ''Jaurlaritzari dagokionean''. Egibarrek esan duenez, kontu hau ez da ''erabat erabakigarria'' izango , baina ''eragina'' izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Udal eta Foru hauteskundeak 2015 PSE-EE Udal eta foru hauteskundeak 2023