Udal eta Foru Hauteskundeak -

Udalen osoaketa

Andoainen EH Bilduk gobernatuko du, aurreikuspen guztien kontra

EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu du, alderdiaren diziplina hautsita. Hala, hauteskundeetan bozkatuena izan zen hautagaiak, Ane Karrerek (EH Bildu), hartu du aginte makila.

Andoain: EH Bilduko Ane Karrere alkate izendatu dute

3:34

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezustea Andoainen. EAJk eta PSE-EEk atzo lortutako itunari esker, Maider Lainezek (PSE) izan behar zuen alkate datozen lau urteetan. Azkenean, baina, ez da hala izan. EAJko zinegotzi batek zuri bozkatu du eta hautagai sozialistak ez du aginte makila eskuratzeko babes nahikoa izan. Horrenbestez, orain arte alkate izan den EH Bilduko Ane Karrerek beste lau urtez jarraituko du udalaren buru.

Udalbatzak bozketa egin duenean etorri da albistea. Gregorio Olasagasti EAJren zinegotzi jeltzale independenteak zuri bozkatu du, alderdiaren diziplinaren kontra. Hortaz, Maider Lainezek (PSE) zortzi boto baino ez ditu jaso (bederatzi behar zituen gehiengo osoa edukitzeko): bost sozialistena eta hiru jeltzaleena.

Hori horrela, maiatzaren 24ko zerrenda bozkatuaren hautagaia, Ane Karrere (EH Bildu) izendatu dute alkate. Koalizio abertzaleak irabazi zituen hauteskundeak, sei zinegotzirekin; PSE-EEk bost ordezkari lortu zituen, EAJk, lau eta Ganemos Andoainek eta Irabazik, bana.

Boto sekretua den arren, Gipuzkoako EAJren iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, Gregorio Olasagasti izan da zuri bozkatu duena. Olasagasti ez da EAJren militantea eta independente gisa aurkeztu zen, laugarren tokian.

Karrerek berak ez zuen espero alkate ateratzea. Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan aitortu duenez, "sorpresa" hartu du bozketaren emaitza jakitean. Izan ere, EAJren eta PSE-EEren arteko ituna dela eta, alkatetza sozialistena izango zelakoan zeuden: "Lasai-lasai joan gara bilkurara. Zilegi da alderdiak adostasunetara iristea. Azken lau urteetan alde batean egon gara, eta orain bestea aldean, kitto". Alkate izendatuta, "egonkortasuna" bilatuko duela hitzeman du Karrerek.

Aretoa lepo egon da. Besteak beste, Joxean Agirre Gipuzkoako Sorturen koordinatzailea, Ander Rodriguez EH Bilduko Gizarte Politikako diputatua, Mikel Duran Gipuzkoako Antolaketa idazkaria eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia izan dira Andoainen. Bozketa eta gero, tentsio uneak izan dira militante sozialista eta abertzaleen artean.

Hauek dira Andoaingo emaitzak, era grafikoan erakutsita:

 

Rafaela Romero: "Desleialak beti"

Andoain plaza sinbolikoa zen sozialistentzat. Bertan hil zuen ETAk Joseba Pagazurtundua PSEko zinegotzi ohia eta Jose Luis Lopez de Lacalle kazetaria.

Hala, EAJk ituna errespetatu ez izanak haserrea eragin du osoko bilkuran ziren zinegotzi eta militante sozialisten artean.

Lehen erreakzio batean, oso kritiko agertu da Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSEren bozeramailea. EAJri "beti desleiala" eta "koldarra" izatea egotzi dio Twitterren argitaratutako hainbat mezutan:

Andoainen gertatutakoak "kezka, sorpresa eta atsekabea" sortu du EAJren Gipuzkoa Buru Batzarrean eta Euzkadi Buru Batzarrean, Europa Press agentziari iturri jeltzaleek jakinarazi diotenez. Iturrion arabera, Olasagastik PSEren hautagaiaren aldeko egiteko konpromisoa hartu zuen ostiral gauean, baina azkenean, "erabaki pertsonal" bategatik, zuri bozkatu du.

EAJren erantzuna

Arratsaldean, EAJk itunaren inguruko iritzia kaleratu du. Alderdiaren iritziz, EAJk eta PSEk hitzartutako akordioak "oinarri sendoak" ditu, gaur Andoainen eta Gasteizen "disfuntzioak" izan arren.

EAJren zuzendaritzako bozeramaile batek esan duenez, aldundietan koalizio-gobernuak osatzeko PSErekin hitzartutako ituna ez dago apurturik ezta baliogabeturik. Akordio horren gauzatzea "pozgarria izan da gehienontzat, komunikabideetan zabaldutako hainbat disfuntzio izan diren arren". Halaber, datorren asteko bileran akordioaren jarraipenaren inguruan mintzatu direla iragarri dute jeltzaleek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Albisteak Gipuzkoa EH Bildu Bizkaia