Udal eta Foru Hauteskundeak -

EAJ-PSE akordioa

EAJrekin adostutako ituna aho batez berretsi du PSE-EEk

Hala ere, Gasteizen Gorka Urtaranen udal gobernuan sartu ala ez erabaki ote duten ez du argitu zuzendaritza sozialistak.

PSE-EEko zuzendaritzaren bilera. Argazkia: EFE
PSE-EEko zuzendaritzaren bilera. Argazkia: EFE
PSE-EEko zuzendaritzaren bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udal zein aldundietan EAJrekin gehiengo egonkorrak osatzeko “lanean” jarraitzea “aho batez berretsi” du PSE-EEren zuzendaritzak, baina Gasteizen Gorka Urtaranen udal gobernuan sartu ala ez erabaki ote duten ez du argitu.

EAJk Andoainen (Gipuzkoa) akordioa ez errespetatzea “larria” dela adierazi du PSE-EEko zuzendaritzak agiri batean. Zinegotzi jeltzale baten abstentzioak Alkatetza EH Bilduri eman zion Andoainen, alkategai sozialistaren kaltetan.

Ondoren, PSE-EE abstenitu egin zen Gasteizen. Hala eta guztiz ere, Urtaranek Alkatetza bereganatu zuen, EH Bildu, Irabazi eta Hemen Gauderen babesari esker. Javier Marotok (PP) garaipena lortu zuen hauteskundeetan, bederatzi zinegotzi eskuratuta.

Nahiz eta Urtaranen inbestidura ez babestu, Gasteizko eta Arabako sozialistak EAJren udal gobernuan sartzeko prest agertu dira gaur. Aldez aurretik, Marotoren aurkako fronte bat osatzearen eta EH Bildurekin akordioak ixtearen aurka azaldu zen PSE-EE. Sozialistek bost zinegotzi dituzte Gasteizen.

PSE-EEko zuzendaritzaren ahotan, EAJrekin adostutako akordioa “pasatzen utzi” ezin dezaketen “aukera” bat da. Erakundeetatik “krisia gainditzeko eta hazkundea, enplegua eta euskal herritarren ongizatea bultzatzeko politikak” aurrera eraman behar dituztela erantsi dute sozialistek.

Minduta

Jeltzaleek Andoainen akordioa bete ez izanak “min handia eman” ziela ziurtatu dute Euskadiko sozialistek. PSE-EEren hitzetan, Andoainen gertatutakoa “larria” da, herritarrek “aldaketarako borondatea” Gipuzkoa osoan bezain “argi” adierazi zutelako hauteskundeetan.

“Askatasunekin konpromiso irmoa duen gobernu bat eragotzi du EAJk gertatutakoarekin, baita Andoaingo bizilagunek merezi zuten kudeaketa eraginkorra oztopatu ere”, gaineratu dute sozialistek.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak prentsaurrekoa emango du astearte honetan, Bilbon, zuzendaritza sozialistak hartutako erabakien berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala berriak Euzko Alderdi Jeltzalea Udal eta Foru hauteskundeak 2015 PSE-EE Araba Gasteiz berriak Udal eta foru hauteskundeak 2023