X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Maiatzeko hauteskundeak
Ezker abertzalea:'Bilduren inpugnazioak muga guztiak gainditzen ditu'
Koalizioaren aurkako ekintza PSOEren ardura dela adierazi du ezker abertzaleak, eta "alderdi koldarra" dela gaineratu du, "PPren aginduetara dagoelako".
Erredakzioa
Bilduren inpugnazioak "ezagutzen diren muga guztiak gainditzen" dituela uste du ezker abertzaleak, Batasunaren kontrako ekintza bat ez delako, "aldaketa politikoa bilatuz etorkizuna eraiki nahi duen sektore sozial baten aurkako eraso bat baizik".
Marian Beitialarrangoitia, Niko Moreno, Tasio Erkizia eta Miren Legorburu ezker abertzaleko buruzagiek prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, egoera politikoa aztertzeko. ETAk xantaia bukatutzat ematea eta Bilduren zerrenden inpugnazioa goraipatu dituzte buruzagiek, "kontrako noranzkoan doazen bi gertakari direlako".
EAk, Alternatibak eta independente abertzaleek osatutako koalizioaren aurkako ekintza PSOEren ardura dela adierazi du ezker abertzaleak, eta "politikoki alderdi koldarra" dela gaineratu du, "PPren aginduetara dagoelako".
"Erabakia epaileen eskuetan dagoela esaten dute batzuek, baina patetikoa da hori esatea, izan ere, ilegalizazio prozesuek PSOEren eta PPren arteko akordio bat izan dute abiapuntutzat", adierazi du Beitilarrangoitiak. Inpugnazioaren aurka agertu diren euskal buruzagi sozialistei "konpromisoak" eskatu dizkie Beitialarrangoitiak. Besteak beste, Patxi Lopez, Odon Elorza eta Patxi Lazkoz aipatu ditu.