X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Bilduren zerrendak, baliogabe
Bilduren helegitea tramitera onartu du Auzitegi Konstituzionalak
16:00ak aldera, Gorenaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dute Bilduko ordezkariek. Konstituzionalak ostegun gauerdira arte izango du epea bere erabakia hartzeko.
Erredakzioa
Bilduk Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka aurkeztutako helegitea tramitera onartu du gaur Auzitegi Konstituzionalak. Gorenak koalizioaren hautagaitzak atzera bota zituen, Batasuna-ETA erakundeetan izateko itun baten parte izatea egotzita.
Konstituzionaleko bigarren aretoak horrela adostu du eta, gainera, Bilduren babes-errekurtsoa lekualdatzea erabaki du. Konstituzionala bihar berriro bilduko da eta koalizio abertzaleak ordura arte du alegazio berriak aurkezteko, auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez.
Bilera berdinean Bilduk aurkeztutako beste idazki bat aztertuko du Auzitegi Konstituzionalak. Bertan Francisco Jose Hernando Auzitegi Konstituzionaleko magistratuaren ezespena eskatu du Bilduk. Hernando Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente ohia da.
Auzitegi Konstituzionaleko bigarren gelak arratsaldeko 19:00etan ekin dio Bilduren helegitea aztertzeko bilerari. Bilduren zerrendak baliogabetu dituen Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako babes eskeko helegitea arratsaldeko 16:00etan aurkeztu dute. Bilduk asteazken honetako gauerdira arte zuen errekurtsoa aurkezteko epea.
Aurkeztu duen helegitean, Auzitegi Gorenaren epaiak hainbat eskubide urratu egiten dituela nabarmendu du koalizioak: gai publikoetan parte hartzeko eskubidea, baldintza berdinetan ordezkaritzak lortzeko eskubidea eta ideologia eta adierazpen askatasunak. Horrez gain, independenteen eskubideak urratzeaz gain, "legezkoak diren bi alderdi politikoen eskubideak ere" urratu egiten dituela azpimarratu du.
Horrela, Konstituzio Auzitegiak egun bakarra izango du bere erabakia hartzeko, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen egin behar duelako, hau da, ostegun gauerditik ostiralera doan tartea baino lehen.
Konstituzionalaren Bigarren Salak hartuko du erabakia
Iturri judizialek jakitera eman dutenez, Konstituzio Auzitegiak bihar 10:00ak baino lehenago euren alegazioak bidali ditzatela eskatu die Estatuko Abokatutzari eta Fiskaltzari
Printzipioz, Konstituzionalaren Bigarren Salaren ardura izango da honen inguruan erabakitzea. Sala honek banaketa ideologiko handia du: izan ere, hiru magistratu "aurrerakoiakoak" dira eta gainontzeko hiru "kontserbadoreak".
EAJko buruzagiekin bildu dira
Helegitea aurkeztu aurretik, Bilduko ordezkariak EAJko zuzendaritzarekin batzartu dira. Bileraren helburua alderdi jeltzalearen babesa eskatzea izan da, eta ostegunean eta ostiralean izango diren kale-agerraldietan parte hartzea eskatzea.
EAJko Bilboko egoitzan izandako hitzorduan, Pello Urizar EAko idazkari orokorra, Oskar Matute Alternatibako bozermailea, Martin Garitano Gipuzkoako independentea (Bilduren partetik), Iñigo Urkullu EAJko buruzagia eta Belen Greaves eta Joseba Aurrekoetxea EAJko zuzendaritza nazionaleko kideak izan dira bertan.
Arabako talde batek helegitea aurkeztu du dagoeneko
Bestalde, Zalduondoko (Araba) Hautagai-Zerrenda Independenteak Konstituzio Auzitegian aurkeztu du helegitea dagoeneko. Auzitegi Gorenak baliogabetu dituen zerrenden artean, errekurtsoa aurkezten lehenengoa izan da Zalduondokoa.