X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Bilduren zerrendak baliogabe
EAJ: 'Orain ez du balio epaileek erabakitzen dutela esateak'
Konstituzionalak Bilduren inguruan erabakiko duenaren zain, Iñigo Urkulluk PP eta PSOEri "estrategia bat adostu izana" leporatu die eta "erabaki politiko baten arduradun politiko" direla salatu du.
Erredakzioa
Datozen orduetan erabaki beharko du Auzitegi Konstituzionalak Bilduren inguruan, baina Iñigo Urkullu EAJko buruak ohartarazi du "orain ezin dela aitzakiatzat hartu epaileek erabakitzen dutela esatea"
PP eta PSOEri "estrategia bat adostu izana" leporatu die eta "erabaki politiko baten arduradun politiko" direla salatu du.
Bilbon egindako agerraldi batean Urkulluk gogorarazi du Konstituzionalak "gure etorkizunerako epai erabakigarria" emango duela.
EBBko buruak adierazi du erabaki judizial hori hainbat erabaki politikok bultzatu dutela. Besteak beste, PP eta PSOEren terrorismoaren kontrako hitzarmenak, Alderdien Legeak, Sorturen kontrako helegiteak eta Bilduren zerrenda guztiak inpugnatu izanak baldintzatutako erabakia dela azaldu du.
Espainiako Gobernuak "Jaurlaritzaren laguntza eta babesarekin" hartu duen erabaki politikoa dela salatu du Urkulluk.