X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Bilduk 'euskal gizartearen garaipena' ospatu du

Euskal gizartea "zentzugabekeriari eta interes maltzurrei" gailendu zaiela azpimarratu dute Bilboko kontzentrazioan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bildu koalizioaren buruzagiek "zentzugabekeriaren eta interes maltzurren aurrean euskal gizarteak garaitu izana" ospatu dute, Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartzen utziko diela jakin ondoren.

Peio Urizarrek (EA) eta Oskar Matutek (Alternatiba) hitz egin dute Bilboko Areatzan Konstituzionalaren erabakiaren zain egon diren milaka pertsonen aurrean.

Ebazpena jakin ondoren, zorion oihuak nagusitu dira Bilbon eta "independentzia" aldarriaktu dute bertaratuek.

Urizarren eta Matuteren esanetan, "mereziko du egiten ari garen esfortzu handi honek, borroka gogor honek".

"Euskal gizarteari eskerrak emanez hasi nahi dugu, elkartasuna, konpromisoa eta babesa erakutsi digulako, alderdi guztiak, baita Bildu ere, hauteskundeetan egon dadin", adierazi dute.

Gero, iraganean baliogabetu dituzten hautagaitzak ekarri dituzte gogora, eta "borroka egiten" jarraituko dutela azpimarratu dute, "garrantzia botereari ematen diotenen aurrean pertsonak eta haien eskubideak jarriz".

Hauteskundeetan parte hartzeko baimena jasota, kanpainari "ilusio" betez ekingo diotela azaldu dute, izan ere, "zapaldu eta isildu nahi gintuztenen kontra borrokatu dugu eta ez dute lortu".

Kanpaina honetan haien apustua "aldaketa soziala eta politikoa" izango omen da, horrekin "Euskal Herriko pertsona guztien giza eskubide, zibil eta politiko guztiak berreskuratzera eramango gaituelako".

"Gurea apustu kolektiboa da, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan sinesten dutenena, ezkerretik eraldatu nahi dutenena", gaineratu du.

Urizarrek eta Matutek azaldu dutenez, "ilusioz" bete nahi dituzte hautestontziak, "esperantzaz eta ezkerreko soberanisten eta independentsiten botoekin. Gurea da etorkizuna, gure eskuetan dago, etorkizuna herriek eraikitzen baitute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea