X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Rubalcaba Nafarroan izan da PSNrentzat botoa eskatzen

Yolanda Barcina UPNkoa kezkatuta agertu da Bildu ANVren kasu berbera izan daitekeelakoan. NaBai 2011k Iruñeko alkatea kritikatu du eta I-Ek Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzea proposatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa Iruñean izan da gaur bere alderdikideei babesa agertzeko eta "langabeziaren eta krisiaren kontrako" botoa eskatzeko, Gobernua PPren esku geratzen bada "Ongizate Estatua amaituko" delako.

Labrit frontoian egin duten ekitaldian, ministroak PSNko hautagaiei babesa eman die mila inguru jarraitzaileren aurrean eta sozialistek UPNri gai jakin batzuetan eman dioten babesa defendatu du. Rubalcabak Carlos Chivite PSNren buruzagi zena ekarri du gogora.

PSNk Nafarroako Gobernuari "nafarrei mesede egiten zieten neurrietan" eman diola babesa azpimarratu du Rubalcabak eta batzuk aipatu ditu: Amejoramendua, AHT eta obra publikoen finantziazioa. Hori horrela, PSNk "bidea" irekitzen duen bitartean PPk "gurpilean makila" sartzen duela salatu du.

Dena dela, Rubalcabak botoa eskatu du PSOE "espainiarren arazo nagusiari, enpleguari, aurre egiteko" irtenbidea delako.

UPN

Yolanda Barcina Foru Gobernurako UPNren hautagaiak Bildu izan du hizpide eta "kezkatuta" agertu da duela lau urte ANVrekin gertatu zenaren antzeko zerbait gerta litekeelako eta "azkenean atzeko atetik erakundeetan sartuko direlako".

Barcinak ETAk hil zuen Tomas Caballero zinegotziaren omenaldian egin ditu adierazpenok eta adierazi duenez, batzuek "Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ospatzen duten bitartean, biktimak kezkatuta" daudela azpimarratu du.

NaBai 2011

Uxue Barkos Nafarroa 2011ren Iruñeko alkategaiak Yolanda Barcinaren jokaera kritikatu du Nafarroako hiriburuko Udala "gorde" nahi duelako "Foru Gobernua lortzeko trukerako txanpon gisa".

Hori argudiatzeko, UPNren Iruñeko alkategaia "profil politikorik gabeko" pertsona bat dela esan du.

I-E

Foru Gobernurako Izquierda-Ezkerra alderdiak aurkeztu duen hautagaiak, Jose Miguel Nuinek, Ondarearen gaineko Zerga berreskuratzea proposatu du, langabeziaren kontrako politikak ordaintzeko, eta Iberdrolaren akzioak salduta gazte enpresariei laguntzeko dirua lortuko luketela aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea