X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Babes ofizialeko etxeen % 80 alokatzeko izatea eskatu du Aralarrek
Ainhoa Beola Donostiako alkategaiak esan du hirigintza-planetan babes ofizialeko etxebizitzak bermatuta egon behar direla.
Erredakzioa
Ainhoa Beola Donostiako alkate izateko Aralarreko hautagaiaren iritzian, hirigintza-planek eta lurralde antolaketak "babes ofizialeko etxebizitzentzako tokia gorde behar dute, etxeen salmentan lur-zoruaren balioak duen eragina txikiagoa izan dadin".
Larunbat goizean Donostian egindako ekitaldi batean, Beolak nabarmendu du babes ofizialeko etxebizitzen % 80 alokatzeko izan behar dela. "Etxebizitza politikaren helburu nagusia ezin da salmenta izan; epe ertain eta luzeko inbertsio-estrategia bezala ulertu behar da etxebizitza politika, alokairua eta etxebizitza eskubidea bermatuta", azaldu du.
Horrez gain, Aralarrek uste du hutsik dauden etxebizitzei "ahalik eta zergarik altuena" jarri behar zaiela, "alokairuan jartzera eta iraungitako lizentziak lehiaketa publikora ateratzera behartzeko, horrela enpresa-sustatzaileek erregimen publikoan eraikitzeko konpromisioa hartuko dute". Amaitzeko, Ainhoa Beolak entitate finantzieroekin eta Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea proposatu du, kaleratze agindua duten jabeen etxeak eros dezaten eta desjabetutako pertsonak etxe horietako maizterrak izan daitezen.