X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

PSOEren eredu ekonomikoa 'Titanic' ontziarekin alderatu du Egibarrek

Horrez gain, Bilduko independenteei indarkeriaren inguruan hausnarketa egiteko eskatu die: "Zertarako azken urteotako sufrimendu guztia?", galdetu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibarrek gogor kritikatu du Alderdi Sozialistaren eredu ekonomikoa gaur goizean EAJk Errenterian egin duen ekitaldi politikoan. Bertan izan dira Maite Peña Errenteriako alkategaia eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusigaia.

Egibarrek azpimarratu du bere alderdiak "hazkuntza ekonomiko orekatuaren alde" egin duela beti. "Beste batzuen egitasmo ekonomikoak erabat desorekatuak dira eta Espainiaren garapena izan dute oinarri", esan du Alderdi Sozialistaren ereduari aipu eginez.

"Gaur argi eta garbi esan dezakegu Espainiako Gobernuaren eredu ekonomikoari Titanic ontziari gertatu zitzaiona gertatuko zaiola. Eredu horrekin arriskuan gaude, eta PSEk eta lehendakariak berak ere ez dute nabigaziorako beste kartarik, ez dakite nabigatzen eta porrot egin duen Zapateroren eredua ezarri nahi dute hemen", ohartarazi du Egibarrek.

"Utziko bagenio, berriro joko zuen hondoa; ez dakite nabigatzen, ez dute nahi nabigatu edo ezin dute", erantsi du.

Bestalde, Bilduri ere zuzendu zaio, zehazki Bilduko independenteei. Apustu berria "20 urteko atzerapenarekin" ez ote datorren galdetu die.

Azken urteotako indarkeriak eragindako "alferrikako sufrimenduak" zertarako balio izan duen galdetu du Egibarrek. "Bizitza ugari suntsitu dira, hainbeste hondamendi, hainbeste gazteren bizitzak galduta", deitoratu du. Nolanahi ere, bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko "guztiak" izango direla beharrezkoak nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea