X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
EAJ: 'Bakea lortzeko itxaropena ekintzekin indartzeko garaia da'
Eneko Goia (EAJ) Donostiako alkategaiak eta Joseba Egibar GBBko presidenteak 'Elkarbizitza bakean Donostiatik' izeneko adierazpena aurkeztu dute.
Erredakzioa
EAJren iritzian, "ezinbestekoa da" agintari politikoek "arduraz jokatzea eta bakea lortzeko piztu den itxaropena ekintzekin indartzea". Horretarako, "elkarbizitza etikoa eta demokratikoa sendotu behar da, pertsonekiko eta haien eskubideekiko errespetua berreskuratuta, ideiak eta proiektuak errespetatuta eta batak bestea onartuta", azaldu dute Eneko Goia (EAJ) Donostiako alkategaiak eta Joseba Egibar GBBko presidenteak.
"Eskaera etikoa eta politikoa da, euskal gizarteak exigitzen duena, eta hau guztia gauzatu ahal izateko denon esfortzua eta eskuzabaltasuna beharrezkoak izango dira", nabarmendu dute.
Goiak eta Egibarrek Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi politikoan parte hartu dute. Ekitaldi horretan aurkeztu dute ''Elkarbizitza bakean Donostiatik'' izeneko adierazpena. "Eztabaida politikoek besterik gabe ez dute baliorik, ezinegona sortzen dute, baldin eta zehaztapenekin eta proposamenekin lagunduta egiten ez badira", ohartarazi dute.
EAJk dokumentu horretan aipatzen duenez, "euskal gizartea sinetsita dago ETAren jarduera amaitu egin behar dela, horren erakusgarri da euskal gizarteak indarkeriari zilegitasuna kentzeko beharra exigitu izana eta ezker abertzaleak berak ere, ETAren indarkeria errefusatuta, aldaketa estrategikoa egin izana".
Ildo berean, EAJk uste du beharrezkoa dela "bakearen bidean interes alderdikoiak albo batean uztea".
Beste alde batetik, bakea behin betikoa izan dadin, "aldaketa demokratiko sakona ezinbestekoa da; helburu politikoak lortzeko joko-arauak aldatzea onartezina da", esan dute Goiak eta Egibarrek legez kanporatze-estrategiari aipu eginez.
"Aukera-politiko demokratikoak baztertuta, haserrea eragiten duten gizartean, sistemarenganako konfiantza-eza sortzen da eta bakearen eta justiziaren aurka joatea da", erantsi dute.
Horrez gain, biktima guztiak, "izaera politikoa kontuan hartu gabe", eta haien "sufrimendu injustua" gizarteratzearen alde egin dute. EAJren iritzian, "giza-eskubide guztiak eta eskubide zibil eta politikoak babestuta, bakerako eta adiskidetasunerako eszenatokira heltzeko oinarriak finkatuko ditugu", azpimarratu dute.