X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde kanpaina

PPk sendien ekonomiak 'urratu' izana egotzi die UPNri eta PSOEri

Hauteskunde kanpainaren hamargarren egunean, Nafarroako alderdiek aurreko egunetan baino ekitaldi gutxiago egin dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNko presidentegaiak Donejakue Bidearen zati bat egin du autobusez, eta 19:30ean ekitaldi bat izango du Tuterako Gaztanbide Antzokian, Luis Casado alkategaiarekin eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearekin batera.

Enrique Maya Iruñeko alkategaiak bisita egin du Nafarroako hiriburuko harresietan, eta beste hainbat hautagaik ekitaldiak egin dituzte Leitzan, Villafrancan eta Arguedasen.

NaBaik bat egin du Sortzenekin, euskararen eta euskal eskola publikoaren jaiarekin, eta Patxi Zabaleta presidentegaia Iruñeko Taconera parkera joan da.

Ondoren Tuteran izan da, eta bertatik, gogor kritikatu du PSN, 2007an "aldaketa galarazi zuen alderdia" izan baitzen. Dena dela, "gizarteak" aldaketa eskatzen jarraitzen duela ohartarazi du. "Ezin da aldaketa aldarrikatu eta ondoren UPN babestu", nabarmendu du, eta NaBai gabe ez dela "aldaketarik" izango aurreratu du.

Juan Moscoso PSNren Iruñeko alkategaiak ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldeko mezuak igorri nahi izan ditu gaur, eta, zeregin horretan, piraguan aritu da Arga ibaitik.

Moscosok esan du ingurumenaren arloan "lan asko" dagoela "egiteke", eta, horregatik, PSNk ingurumen adierazleen jarraipena egin, klima aldaketaren aurka borrokatu, garraio jasangarria sustatu, energiaren eraginkortasuna hobetu eta nekazaritza ekologikoa eta kontsumo jasangarria bultzatu asmo duela jakinarazi du.

CDN Andosillan eta Azagran izan da igande goizean, eta, bi kasuetan, Jose Andres Burguete presidentegaiak hartu du parte.

Izquierda-Ezkerra koalizioak Bardeetan egin du gaurko ekitaldi nagusia, eta bertan Milagros Rubio alkategaia eta Jose Miguel Nuin presidentegaia izan dira. Biek kritikatu egin dituzte "indarkeria guztiak" gaitzesten ez dituztenak, hots, ETArena eta "poligono militarrena". Hori horrela, bakezaletasunaren alde egin dute, "zibilizazioaren balioak" ideia horren parte baitira.

Santiago Cervera PPren presidentegaia Landabeneko azokan izan da, eta, bertatik, Nafarroako sendien ekonomiak "urratu" izana egotzi die UPNri eta Alderdi Sozialistari, langabezia ekarri baitute, pentsioak izoztu baitituzte, funtzionarioen eta irakasleen soldatak jaitsi baitituzte eta zergak igo baitituzte.

NaBaik bezala, Bilduk ere bat egin du Sortzen jaiarekin, eta bertan Eva Aranguren Iruñeko alkategaia izan da. Arratsaldean ekitaldia egingo dute Tafallan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea