X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Gazteei botoa eskatu eta langabeziari aurre egingo diola esan du EBk
Nerea Galvez Arabako ahaldun nagusigaiak adierazi du gazteak krisi ekonomikoaren "zeharkako biktimak" direla.
Erredakzioa
Ezker Batuak gazteen botoa eskatu du eta gazteei eragiten dien langabeziari aurre egiteko lan egingo duela agindu du.
Michelinek Gasteizen duen enpresaren aurrean egindako ekitaldian egin ditu adierazpenok Nerea Galvez (EB) Arabako ahaldun nagusigaiak. Galvezen arabera, "gerretan gertatzen den moduan, krisi ekonomikoa honetan zeharkako biktimak daude eta biktima horiek gazteak dira". Hori dela eta, "langabezian, prekarietatean, bizirik irauteko soldatekin dauden gazteei, eta bereziki etorkizunik ikusten ez duten gazteen botoa eskatzen dugu", esan du. "Generazio galdua izena eman zaie eta azken 80 urteotan euren gurasoak baino okerrago biziko diren belaunaldia osatzen dute", ohartarazi du. Gazteentzako enplegua sortzea EBren lehentasunetako bat izango dela iragarri du, izan ere, "ez dauka zentzurik 65 urtetik gorako pertsonak lanean dauden bitartean, gazteria langabezian egotea". Goizeko lehen orduan Nerea Galvez hautagaiak Ogasun Sailak Gasteizen duen egoitzaren aurrean egindako ekitaldi batean hartu du parte. Bertan Arabako udalek erabaki fiskaletan eragina izan behar dutela aldarrikatu du.
Galvezek kritikatu du Diputazioak udaletxeen beharrizanak kontuan hartu gabe banatzen dituela baliabide ekonomikoak eta, ondorioz, "udaletxeetako aurrekontuak Diputazioaren erabakietara moldatu" behar direla deitoratu du. Gauzak horrela, Ezker Batua Arabako Batzar Nagusietan egotea premiazkoa dela iritzi dio, fiskalitatearen erreforma gauzatzeko eta "aberatsek euren ondasunengatik berriro ordaintzea lortzeko".