X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
PP: 'Maskara politikoen hauteskunde-kanpainan gaude'
Antonio Basagoitiren hitzetan, EAJk ez du nahi inork gogoraraztea Zapaterorekin ituna sinatu zutela.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak salatu du hauteskunde-kanpainan "maskara politiko" ugari izaten ari direla. Izan ere, bere hitzetan, "hautagai askok egin dutenaren kontrakoaren itxura ematea baino beste erremediorik ez dute".
Halaber, Bilduko buruzagiek "ETAren 900 hilketetako bakar bat ere ez" dutela gaitzetsi esan du.
Basagoiti Bilboko Itsas Museoan izan da astelehen arratsaldean, Esther Martinez ahaldun nagusigaiarekin eta Cristina Ruiz alkategaiarekin batera.
Buruzagi ''popularra''ren esanetan, EAJk "maskara bat" jantzi behar izan du: "Ezkutatu behar da, inork ez gogorarazteko Zapaterorekin sinatu zuen ituna".
"Maskaren kanpainan gaude, EAJk ez baitu nahi inork gogoraraztea Zapatero babestu zuela. Ez du nahi inork kudeaketa horren porrota leporatzea. Eta sozialistak haien presidentearengandik ezkutatu behar direlako ere gaude maskaren kanpainan", nabarmendu du.
Basagoitik gogorarazi du Iñaki Azkuna zerrendaburu duen alderdiak (EAJ) babestu egin dituela Zapateroren azken hiru aurrekontuak eta "enpleguaren eta hazkundearen aurkako lege guztiak".
"Horregatik, maskara jarri beharra daukate, horregatik ezin dute egia esan. Jakin badakitelako Zapaterorekin duten konpromisoak maiatzaren 22ren ostean ere iraungo duela, jakin badakitelako Zapaterorekin dituzten betebeharrek maiatzaren 22ren ostean ere iraungo dutela, eta jakin badakitelako itun horiek euskal herritarren beharrizanen aurkakoak direla. Horregatik behar dituzte maskarak", gaineratu du.
Hori horrela, Basagoitik PPren alde bozkatzeko dei egin die "Zapaterok eta EAJk pentsioak jaitsi dizkieten pentsiodunei, Zapaterok eta EAJk lan gabe utzi dituzten langabeei, Zapaterok eta EAJk adostutako BEZ igoeraren ondorioz okerrago dauden autonomoei eta Zapaterok eta EAJk hitzartutako politika ekonomikoa pairatzen ari diren gazteei".