X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Bakegintzaz hitz egiteko foro bat sortzea proposatu du Bilduk

Bestalde, Martin Garitanok aurreratu du koalizioak "urrats gehiago" egingo dituela hurrengo hilabeteetan "demokrazia, bakea eta normalizazioa" lortzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Bilduko bozeramaileak bakegintzaz hitz egiteko foro bat sortzeko dei egin die gainerako alderdi politikoei. Eztabaidagune hori "bazterketarik gabekoa" izan beharko litzatekeela eta "herritarren eskakizunei erantzunak" eman beharko lizkiekeela gaineratu du.

Urizar Bermeon izan da, Bilduk asteartean egindako hauteskunde ekitaldi nagusian, Idurre Bideguren koalizioaren alkategaiarekin batera.

Bere hitzaldian, EAko idazkari nagusiak nabarmendu du "erronka historikoa" dagoela "geurean": "Historia aldatzeko eta Euskal Herriaren etorkizuna zehazteko aukera dugu. Bakearen eta normalizazio politikoaren unea heldu da, eta prozesuarekin dugun konpromisoa erabatekoa da. Euskal Herriak behar du, eta hori izango da gure lehentasuna, Udaletan, Batzar Nagusietan, Aldundietan eta Nafarroako Parlamentuan ere".

Horren ildotik, hori "alderdi politiko guztien" lehentasun izan beharko litzatekeela esan du, eta, beraz, "behingoz" bakegintzari eta normalizazio politikoari buruzko foro bat sortzeko dei egin du.

"Bide luzea dugu egiteke, baina, zalantza barik, urrats batzuk eginak daude dagoeneko. Bide politikoetatik soilik lan egiteko indar independentista progresistek indarrak batu ditugunetik, aurrera egiten ari gara normalizazioaren bidean. Eta hori ezin du inork ukatu", azpimarratu du.

Bestalde, Ordizian egindako ekitaldi batean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak aurreratu du koalizioak "urrats gehiago" egingo dituela hurrengo hilabeteetan "herri honetan demokrazia, normalizazioa eta bakea lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea