X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Hegoaldeko Saihesbidea berehala zabaltzea proposatu du PPk
Esther Martinezen esanetan, bidesaria ezarri arte doanekoa izan beharko litzateke. Bestalde, metroaren ordutegia 05:00etatik 24:00etara luzatzea proposatu du.
Erredakzioa
Esther Martinez PPren Bizkaiko ahaldun nagusigaiak Hegoaldeko Saihesbidea berehala irekitzea proposatu du, bizkaitarrek "bukatuta dagoen" azpiegitura hori erabili ahal izateko. Gainera, hauteskundeak pasatu arte bidesaria zenbatekoa izango den ezkutatzea egotzi dio EAJri.
Martinez Santurtzin (Bizkaia) izan da astearte arratsaldean, eta, bertatik, adierazi du saihesbidearen kostua "urte oso bateko aurrekontuaren tankerakoa" izan dela.
"Irekitzeko prest dago, baina ez dute egin ez dituztelako onartu bidesariak. Bilbao jaunak ez digu esan nahi zenbat kostatuko zaigun, Europak onartu behar duela aitzakia jarrita", salatu du.
Bere esanetan, "ez du zentzurik azpiegitura hori itxita izateak, bidesaria erabaki arte bizkaitarrak erabiltzen hasi daitezkeenean".
Bestalde, Metroko ordutegiak luzatzea proposatu du, 05:00etatik 24:00etara hain zuzen ere, "lan kontuak direla medio ordutegi malguagoak behar dituztenentzat" zuzenduta.
Halaber, Artxandako tunelak doanekoak izatea proposatu du: "Eraiki egin ditugu, bidesaria ordaindu dugu eta, gainera, enpresa kontzesionarioaren zorra ordaindu dugu. Bien bitartean, bidesaria ordaintzen jarraitzen dugu", salatu du.