X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
PSE-PP itunari aurre egiteko dei egin du EAJk
Hauteslekuetan Euskadik "hamarkada bat galtzea" galaraztea eskatu du alderdi jeltzaleak.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak hauteslekuetan PSEren eta PPren arteko "burdinazko ituna"ren aurka egiteko eskatu die boto-emaileei, Euskadik "hamarkada bat galtzea" galarazteko.
Izan ere, bere esanetan, sozialistak eta popularrak ez dira "gauza" oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, eta aipatu ituna agintean jarraitzeko baino ez dute iraunarazten.
Halaber, Urkulluk Bilduren aurka ere egin du, "sozialismo zaharkitua" proposatzen duelako.
Buruzagi jeltzalea Arrasaten izan da astearte arratsaldean. Bertan, Urkulluk gogorarazi du euskal erakundeetan dagoen itun bakarra PSEk eta PPk sinatutakoa dela, eta horren aurreko alternatiba bakarra EAJ dela esan du.
EAJko presidentearen esanetan, euskal herritarrek gogoratu behar dute Euskadik 80ko eta 90eko hamarkadetako krisiak gainditu zituela, eta, are gehiago, horien ostean modernizatu egin dela eta gaur egun berrikuntza arloan erreferente dela. "Hori dela eta, igandeko foru eta udal hauteskundeetan erreakzionatzen hasten ez bagara, hamarkada bat galduko dugu", ohartarazi du.
Hori horrela, jeltzaleen presidenteak aurreratu du Euskadik ez duela galduko hamarkada bat, "gu, EAJ, herrialde hau aurrera ateratzen tematuko baikara. Guztion laguntzarekin, baina lidergo irmoa eta ilusioa izanda. Alternatiba serio bakarra gara, esperientzia dugu, nola jokatu badakigu, eta erakutsi egin dugu".
Urkulluk EAJren alde bozkatzea eskatu du, "guztiok batu eta EAJk gidatutako bidean aurrera egiteko".