X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
'Kaleko haserrea hautestontzietara' eramateko deia egin du Aralarrek
Egunotan kaleetan mobilizatzen ari direnei botoa eskatu die Aralarrek, "betikoek betiko politikak egiten jarraitzea ekiditeko".
Erredakzioa
Kaleko haserrea hautestontzietara eramateko deia luzatu du gaur Aintzane Ezenarrok, "aldaketa politikoa gauzatu ahal izateko".
Aralarrek Donostian egindako ekitaldian, Rebeka Ubera Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, Ainhoa Beola Donostiako alkategaia, Jon Abril eta Aintzane Ezenarro izan dira, besteak beste.
Aralarrek uste du politikagintzan "aktore berriak sartzeko" ordua iritsi dela, gazteei eta emakumeei aipu berezia eginda. Egunotan Euskal Herriko hiri ezberdinetan mobilizatzen ari direnei boto eskatu die Jon Abrilek, "bestela betikoek betiko politikak egiten jarraituko dute".
"Maiuskulaz idatzitako demokrazian sinesten dugulako eskatzen diegu botoa", erantsi du. Era berean, Aralarrek herri-kontsultak egitea proposatzen duela ekarri du gogora, "lau urtean behin hauteskundeak egitean oinarritzen demokrazian ez dugulako sinesten".
Bestalde, kalitatezko enplegu publikoa sortzeko eta langabezian denbora luzez daramaten pertsonei irtenbide bat emateko "alternatiba" Aralarrek ordezkatzen duela nabarmendu du Abrilek.
Amaitzeko, energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, Euskal Herriak "autonomia energetikoa lor dezan".