X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Kanpainaren amaiera

Patxi Lopezek botoa eskatu du 'ETArekin behin betiko bukatzeko'

Lehendakariak adierazi du sozialistak "abiatutako bidetik desbideratuko ez garen" bermea direla.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak bere alderdiaren alde bozkatzeko dei egin die euskal herritarrei, "ETArekin behin betiko bukatzeko helburuz". Izan ere, bere hitzetan, sozialistak "abiatutako bidetik desbideratuko ez garen", "printzipio demokratikoen defentsan irmo" jarraitzeko eta "herrialde honek bakean eta aske biziko duen" bermea baitira.

Lopez Gasteizen izan da ostiral arratsaldean, hauteskunde-kanpainari amaiera emateko PSE-EEk egindako ekitaldian. Bertan, Patxi Lazcoz Gasteizko alkategaia eta Txarli Prieto Arabako ahaldun nagusigaia ere izan dira.

Lehendakariaren esanetan, gaur egun euskal herritarrek "askatasun handiagoa eta beldur gutxiago" dute, plazak ez daude "totalitarismoak bahituta", mehatxua eta erasoak "ia-ia" iraganeko kontuak dira eta demokratek "dagokigun espazioa konkistatu dugu". "Eta askatasuna behin betiko geratzeko iritsi da", gaineratu du.

"Baina ez da bakarrik heldu (...). Sozialistok mahaigaineratu dugu gure herrialdea pozoitzen zuten terrorismoa eta totalitarismoaren aurkako politika argia", adierazi du.

Lehendakariak aitortu du ETAren azkenerako aurrerapenak "garaipen kolektiboa" izan direla, baina bitxitzat jo du mundu guztiak esatea "eurek bakarrik" bermatuko dutela bakea. "Hona ekarri gaituzten erabaki guztien aurka agertu diren guztiek konponbidearen protagonistak direla esaten dute orain, oso bitxia da", kritikatu du.

Nolanahi ere, Lopezek ohartarazi du oraindik ez dela amaitu "amesgaiztoa", ETA desagertu ez izana "mehatxua" baita "gure orainaldiarentzat eta etorkizunarentzat". Horrenbestez, "ETArekin behin betiko bukatzeko" babesa eskatu die boto-emaileei.

Bestalde, lehendakariak Bildurekin itunak egiteko prest egotea egotzi dio EAJri, eta "aginteari gogor atxikitzeko" egiten duela esan du, nahiz eta ondorioz "herrialdea geldiarazi eta Euskadiren aurrerapena eta modernizazioa oztopatu".

Zentzu horretan, Bildu "Abiadura Handiko Trenaren, Gasteizko Intermodalaren eta Bai-Centerren aurka" dagoela gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea