X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Kanpainaren amaiera
PPren alde bozkatzea Zapatero 'etxera' bidaltzea dela dio Basagoitik
Euskadiko PPko presidenteak nabarmendu du hauteskunde hauek "erabakigarriak" direla, Euskadin aldaketa politikoa errotzea, bakea eta askatasuna bermatzea eta langabezia geldiaraztea jokoan baitago.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko presidenteak adierazi du bere alderdiak Araban "emaitza ona" lortuko balu, Zapaterok "etxera" joan beharko lukeela eta "berriz" enplegua sortuko luketela.
Basagoiti Gasteizko hotel batean izan da ostiral arratsaldean, PPk hauteskunde-kanpainari amaiera emateko ekitaldian. Bertan, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusigaia, Javier Maroto Gasteizko alkategaia eta Iñaki Oyarzabal eta Ramon Rabanera buruzagiak izan dira, besteak beste.
Euskadiko PPko presidenteak nabarmendu du hauteskunde hauek "erabakigarriak" direla, Euskadin aldaketa politikoa errotzea, bakea eta askatasuna bermatzea eta langabezia geldiaraztea jokoan baitago.
Bere esanetan, PPren emaitza on batek "etxera" bidaliko luke Zapatero, Araban hauteskunde hauetako bi alderdi nagusiak PP eta EAJ baitira, eta azken horrek galdu egingo balu, Gobernu sozialistari babesten jarraitu edo ez aztertuko luke.
Basagoitik kritikatu du EAJk Batasuneko jarraitzaileen aurrean "ondo geratzeko eta haien botoak jasotzeko" defendatu duela Bildu legeztatzea, baina batik bat Eusko Jaurlaritza porrotera eramateko. "Baina Euskadi ez da haiena [jeltzaleena]", ohartarazi du.
EAEko ''popularren'' buruaren hitzetan, Bilduko buruzagiek "ez dituzte gaitzetsi" ETAren atentatuak.
Azkenik, Basagoitik gustura ez daudenei eta PPren printzipioekin ados ez daudenei botoa eskatu die, bere alderdiak enplegua sortuko baitu eta askatasuna ekarriko baitu.
Javier de Andres ahaldun nagusigaiak kritikatu egin du aurreiritziek Alderdi Sozialistari "sentsibilitate sozial handiagoa" ematea, baina orain, une zailetan, hori ekintzekin erakutsi beharra dagoela gogorarazi du.
Javier Maroto Gasteizko alkategaiak esan du PPren kanpaina "garbia" izan dela, eta proposamenak oinarri izan dituela, langabeziaren aurkako borroka lehentasun dela argi utzita.