X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Kanpainaren amaiera

Nafarroako alderdiek amaiera eman diote hauteskunde-kanpainari

Bi aste hauetan, krisi ekonomikoa, langabezia eta hauteskundeen osteko balizko itunak izan dituzte hizpide, batik bat.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina UPNko presidentegaia Leireko monasteriora joan da autobusez, eta bertan ohartarazi du igandean jokoan dagoela "Nafarroako etorkizuna eta han bizi garenon ongizatea".

Horrenbestez, "Gobernatzeko aukerak dituen eta % 100ean nafarra den alderdi bakarra"ren alde bozkatzea eskatu du. Barcinak Corellan, Miguen Sanzen jaioterrian, amaitu du hauteskunde-kanpaina.

Patxi Zabaleta Nafarroa Bai 2011ko presidentegaiak goratu egin ditu koalizioaren "programa eta lantaldea", eta haien erronka nagusiak "enplegua, aniztasuna eta herstura" izango direla gaineratu du.

Hautagai abertzaleak esan du ez dutela "B planik", "A plana baino ez dugu". Bere esanetan, "Nafarroako herritar gehienek aldaketa politikoa nahi dute". NaBaik Iruñeko Udaletxe Plazan egin du azken ekitaldia.

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak gezurtatu egin du bere alderdiak eta UPNk ituna sinatzea aztertu izana. Bere esanetan, "ez da garaia" balizko itunak aztertzeko, erabaki horiek "emaitzen eta hauteskunde programen arabera" hartu behar baitira.

Jimenezek adierazi du "hauteskundeak irabaztea" dutela xede, eta ez dutela "denbora galdu" "besaulkiei buruzko eztabaidetan".

Jose Andres Burguete CDNko presidentegaiak ohartarazi du bere alderdia "beti egon den lekuan" egongo dela, siglak aparte, inportanteena "programa" izango baita.

Izquierda-Ezkerra koaliziotik, Jose Miguel Nuin presidentegaiak kanpainako balantzea egin du, eta UPNk eta PSNk "krisiari buruzko eztabaida saihestu" egin dutela salatu du. Azken bi asteetako onena, M15 mugimendua izan dela aipatu du.

PPren hautagaiak Zangotzako azokan izan dira, eta ondoren Cortesen, Santestebanen, Cendean eta Zizur Nagusian.

Maiorga Ramirez Bilduko presidentegaiak adierazi du koalizioa "indartsu" sartuko dela erakundeetan, "oztopoak oztopo". Halaber, harrituta agertu da herritarrek emandako babes ona dela eta. Koalizioak Iruñeko Labrit frontoian amaitu du kanpaina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea