X-eleccionesmunicipalesforales-X -
M22ko hauteskundeak
Zapaterok ez ditu hauteskunde orokorrak aurreratuko
Lortutako garaipenagatik PP zoriondu du Gobernuko presidenteak, baina martxoko hauteskunde orokorrak aurreratuko ez dituela argi utzi nahi izan du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak PP zoriondu du M22ko hauteskundeetan lortutako garaipenagatik, baina martxoko hauteskunde orokorrak aurreratuko ez dituela argi utzi nahi izan du.
Presidentea Jose Blanco, Leire Pajin, Elena Valenciano PSOEko agintariek eta Elena Salgado eta Manuel Chaves presidenteordeek lagundu dute prentsaurrekoan. Martxoko hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukera baztertu du presidenteak, une honetan "Parlamentuan diren erreformak gauzatzea" beharrezkoa delako.
Gaurko hauteskundeetan PSOEk izandako "atzerakada" onartu du Zapaterok. "Denbora eta agintaldi politikoen errespetua gure sistema demokratikoarentzat ona da", erantsi du.
Erreformak bukatzeko "une erabakigarria" dela adierazi du Zapaterok eta Gobernuan mantenduko da, "susperraldi ekonomikoa ahalik eta azkarren lortzeko".
Krisiaren ondorioak
"Duela ia hiru urte hasitako krisia" Espainian izaten ari den eraginak gaurko emaitzekin "lotura argia" duela uste du Zapaterok.
"Gaur, zalantzarik gabe, herritarrek euren haserrea azaldu dute", esan du Zapaterok. Gobernuan izanik, PSOEk "gaur hautestontzietan zigortzea zentzuzkoa" dela azaldu du agintariak. "Onartzen eta ulertzen dugu", gaineratu du.
"Krisiaren jatorria eta ezaugarriak azaltzea erraza izan ez" dela uste du Gobernuko buruzagiak eta horregatik erantzukizunaren zati bat bere gain hartu du: "Ez ditugu gure arrazoiak herritarrei azaltzen jakin".