Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
M28ko hauteskundeetara "etxeko lanak eginda" iritsiko dela esan du EH Bilduk
Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagaiaren hitzetan, gutxieneko pentsioak igotzeko akordioarekin, "erakutsi dugu posible dela politika beste era batera egitea eta euskal herritarren gehiengoarentzat indar politiko erabilgarria eta eraginkorra izatea".
EITB MEDIA
M28ko hauteskundeetara "etxeko lanak eginda eta euskal herritarrei emandako hitza betetzearen harrotasunarekin" iritsiko direla esan du EH Bilduk. Horrela mintzatu da Iker Casanova Bizkaiko ahaldun nagusirako EH Bilduko hautagaia Bizkaiko Batzar Nagusietarako zerrenden aurkezpen ekitaldian.
"Politikan egotearen arrazoiak ondo baino hobeto marrazten duen emaitza kontu batekin heltzen gara: euskal herritarren eskubideak eta interesak defendatzea eta herri gisa aurrera egitea esparru guztietan", esan du.
Casanovaren hitzetan, gutxieneko pentsioak igotzeko akordioarekin, "erakutsi dugu posible dela politika beste era batera egitea eta euskal herritarren gehiengoarentzat indar politiko erabilgarria eta eraginkorra izatea". "Hori erakusten ari gara gobernatzen dugun udaletan eta gure botoa erabakigarria den erakunde guztietan. Horregatik, gero eta gehiago gara EH Bildun. Horregatik, datozen udal eta foru hauteskundeen ondoren, gehiago izango gara", ondorioztatu du.