Bilbo
Itxiera
La Granja jatetxea itxi dute: 90 urte Bilbo girotzen
Eider Garaikoetxea | EITB.EUS
San Inazio egunez inauguratu zuten, 1926an. Karta partidek, solasaldiek eta zuzenean aritzen zen orkestrak famatu egin zuten.
-
La Granja jatetxearen argazki historiko bat. Facebook La Granja
San Inazio egunez zen hitzordua, 1926an. Bilboko familia eta pertsonaia ezagunenek inaugurazioa zuten egun hartan, hiribilduko kafetegi ospetsuenetakoa izango zena zabaldu behar zuten: La Granja. Garaiko egunkariek kontatu zutenez, gonbidatu agurgarriek "lunch bikaina" izan zuten dastagarri.
Bilboko bihotzean, aurrez Hispano Americano banketxearen egoitza izan zen eraikinean, Frantziako kafetegi handien itxurarekin atondu zuten jatetxe berria. 325 metro koadroko azaleran, garaiko dotoreziaren elementuak: burdinazko habeak, landutako egurrez egindako barra luzea eta art nouveau estiloko lanparak (Sevillako Lope de Vega antzokikoak izan ei ziren).
Dotore ez ezik, modernoa ere ba omen zen La Granja. Inauguraziora joandako batek idatzita utzi zuenez, "berrikuntza guztiak ditu, pentsa, Malusa gaseosa makina berri-berria ere badute".
Handik gutxira, bilbotar eta kanpotar askoren bilgune bihurtuko zen jatetxea, giro apartak, janari onak eta iluntzetan aritzen zen orkestraren zuzeneko musikak erakarrita.
Ospetsu bilakatu ziren bertan egiten ziren karta partidak. Nonbait, 15:00etan hasten ziren, puntualtasunez. Kazetariak, ostalariak, idazleak, enpresaburuak.. denek zuten maite La Granja. Bitxikeri gisa, karta jokalari zaleenak Ledesma kaleko atetik, atzetik, sartzen ziren gobernuak "joko debekatuei" ezarritako betoari burla eginez.
Lokal historiko honetan sortu zituzten Gargantua Konpainia, La Granja Solasaldi Elkartea edo Txarriduna Akademia.
XX. mendean (zehazki, 50. hamarkadan), Jose Rodriguez Ramos kazetari gipuzkoarrak bere kronikak idazteko leku bilakatu zuen kafetegiko mahaietako bat. Han idatzi zituen El Correo egunkarian argitaratu ziren milaka zutabe, denak ere Bochero edota Juan de Hernani ezizenez sinatuak.
La Granjari erakutsitako maitasun hori eskertu nahian edo, 80ko hamarkadan Rodriguez Ramosen aldeko xafla bat paratu zuten jatetxean. Hauxe irakur zitekeen: "Juan de Hernaniren txokoa. 22 urtez, 1947tik 1969ra, Bilbori buruzkoak idatzi zituen txoko honetatik Jose Rodriguez Ramos Juan de Hernani eta Bochero ezizenez ezaguna zenak. El Correo Español-El Pueblo Vasco egunkariak eta La Granja jatetxeak oroigarri hau eskaini nahi diote kazetarien maisu bikain eta soil hari. 1984ko uztaila".
La Granja jatetxea 2017ko otsailaren 8an zarratu zuten. Rodriguez Ramosen aldeko plaka ilunpean egongo da, horrenbestez, etxe izan duen tokiari garai bateko xarma nork berriro emango zain.
ango zain.