Itxi

Gasteizko jaiak

Jaiak

Zeledonen zain!

T.S.J. | EITB.EUS

Zalduondoko baserritarrak Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango die gaur.

  • Zeledonen jaitsieraren zain daude gasteiztarrak. Argazkia: EFE

Festa-usaina dario dagoeneko Gasteizi, Zeledonen jaitsieraren atarian. Zalduondoko baserritarra gaur iritsiko da, eta Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emango die. Arabako hiriburua prest da, eta agintariek egitarau osoa antolatu dute, musika, umorea, euskal folklorea eta sua horren ardatzak direla.

Gainera, aurtengo jaiak inoiz baino euskaldunagoak izango dira, izan ere, Zeledonek euskaraz abestuko du lehen aldiz. Horretarako, abesti ospetsua euskarara egokitu dute Blusen eta Nesken Batzordeak eta Geu Gasteiz elkarteak, xede izanik euskal hizkuntza "festetan ere" sustatzea.

Festen atariko, Unax Ugalde aktorea pregoiaren protagonista izan zen igandean, Arabako Arte Eszenikoen ordezkari gisa.

Urtero bezala, Plaza Berrian iragarri zuten festen iritsiera, eta, jaia eta aldarrikapenak batuta, eraso sexisten eta arrazisten aurkako deia egin zuen.

Gaurko txupinazoaz geroztik, musikak, suak eta jai-giroak Gasteiz hartuko dute. Guztira, abuztuaren 9ra bitartean, 342 ekitaldi aurreikusita daude. Musikari dagokionez, Foruen Plazako musika emanaldien artean Green Valley, Los Secretos, Hesian, En Tol Sarmiento, Carlos Jean eta Loquillo egongo dira. Abuztuaren 5etik aurrera, berriz, Matxete plaza izango da euskal taldeen agertoki: Oreka TX, Kalakan, Tadusak, Xaiko eta Juantxo Skalari@La Rude Band.

Gainera, su artifizialen nazioarteko erakusketak, haurrentzako ikuskizunak, zoko arabiarrak eta artisau eta gastronomia azokak osatuko dute Udalak antolatutako jai-egitaraua.

Zeledon sakeleko telefonoan

Gasteizko jaien protagonista izan ezik, haurrei zuzendutako jolas baten protagonista ere bihurtu da Zeledon: sakeleko telefonoetan erabiltzeko jolasa da, eta Bihartech enpresa arabarrak egin du. 'Zeledon skyride' deitutako jolasa Gasteizko Jaiapp aplikazioaren baitan agertuko da, eta Gasteizko jaien bezperatik aurrera jaitsi ahal izango da, doan.

Jolasean, Zeledon Gasteizko zerutik mugitu behar da, ahalik eta urrunen hel dadin. Ibilbidean zehar jaietako alde negatiboak saihestu beharko ditu, eta sariak jaso, tartean, txanponak, ogitartekoak, ardoa eta garagardoa.

Jarraipen berezia eitb.eus-en eta ETBn

Urtero bezala, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute Euskal Telebistan. Asteartean hasi eta igandera bitartean, Arabako hiriburuan bizi den festa giroaren jarraipena egingo dute ETBko albistegiek eta saio ezberdinek, baita eitb.eus webguneak ere. Zeledonen jaitsiera izango da abiapuntua, eta, aurten, nobedade modura, jaiei amaiera emango dien Zeledonen igoera ere zuzenean eskainiko du ETBk. Ama Zuria pilota torneoko partidek eta abuztuaren 2an grabatuko den Gasteizko Udal Folklorearen kontzertuak osatuko dute eskaintza.

Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-ek Andre Maria Zuriaren jaien inguruan duen webgune berezian. Bertan, albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera dago.