Itxi

Herriak eta Hiriak

Ospakizuna

Babarrun jana eta dantzak izan ditu protagonista Olarizuko erromeriak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

20:00ak arte iraungo du festak Olarizun. Behin hirigunera itzulita, herriko musika bandak kontzertua emango du, 21:00etan, eta ondoren suzko zezena aterako da.

1:16

Milaka gasteiztar bildu ditu aurten ere Olarizuko erromeriak. Ohikoa denez, babarrun jana egin dute bertan herritarrek, eta dantzaldia eta herri kirolak izan dira ondoren, festa girotze aldera.

Urtero ospatzen duten jai honek Arabako hiriburuaren mugak dakartza gogora. Hartara, Gorka Urtaran alkateak eta Udaleko beste hainbat ordezkarik ibilbidea egin dute Gasteizko mugarrietara gerturatzeko.

Guztira, zortzi kilometro inguru zeharkatu dituzte, 30 mugarri zapaltzeko. Gainera, bidean, Martiodatik, Forondako Artazatik eta Legardatik igaro dira, eta Olarizuko zelaietan bukatu dute ibilbidea, non txistularien herriko bandak hainbat abesti jo dituen.

Geroago, milaka herritar elkartu dira Boilur elkarteak prestatutako indaba-janean. Ostean iritsi dira musika protagonista izan duten ikuskizunak, baita erraldoi eta buruhandiak ere. Horrekin batera, herri kirol saioaz gozatu dute han bildutako herritarrek.

Eguraldia lagun badute eta euririk egiten ez badu, 20:00etan bukatuko da jaia. Ordu horretan, Gasteiz erdialdera abiatuko dira Olarizun bildutako lagun gehienak. Izan ere, 21:00ak arte herriko musika bandak kontzertua emango du han, eta amaitzeko suzko zezena aterako da, etxeko txikienen gozamenerako.

Aurten Olarizun, erromeria ez ezik, gurutzearen inguruan sortutako polemikak ere izan du lekua. Gurutzea botatzeko baimenik emango ez duela ziurtatu zuen Urtaranek duela egun batzuk, "monumentuaren jatorriak frankismoarekin zerikusirik ez duelako".