07:45

Sanferminak

Bosgarren entzierroa

Jandillakoak, espero baino zintzoagoak

eitb.com

Sanferminetako zezen beldurgarrienek entzierro azkarra eta garbia egin dute, hainbat korrikalarik arduragabekeria handia erakutsi badute ere.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Jandilla ganadutegiko (Extremadura) zezenek, aurtengo sanferminetako beldurgarrienek, entzierro bizkorra eta garbia egin dute, Iruñeko kaleetan ibilbide beltza egina badute ere.

Adardunek noblezia handiz korritu dute bosgarren entzierroa, ez baitira inor adarkatzen saiatu, korrikalariak harrapatzeko aukera ugari izan dituzten arren. Telefonicaren eta kailejoiaren tarteetan, hainbat pertsona erori dira adarren aurrean, beste hainbat zezenak ukitzen saiatu dira, eta korrikalari arduragabe batek selfie bat egin du animalien aurrean, sakelako telefonoa eskuan.

Azkenean, zezen taldeak 02:27 minutuan egin du lasterketa, baina atzean geratu den beste bat 10 segundo geroago sartu da ukuiluetan, unaiek gidatuta.

08:00etan, taldeak pilatuta eta joaldunek zuzenduta egin du Santo Domingoko aldapan gora.

Ondoren, zezen batek aurrea hartu du, eta alboetara begira aritu da, norbait harrapatu nahiko balu bezala. Dena dela, animaliak ez du inoren aurka egin, eta keinu hori susto bat baino ez da izan.

Udaletxeko plazan, hiru zezenek abiadura eman diote taldeari, eta Mercaderes eta Estafeta kaleen arteko bihurgunean horietako bat erori eta atzean geratu da.

Ohi denez, Estafetan lasterketa politak eta ikusgarriak ikusi dira, korrikalari trebeenak luze izan baitira adarren aurrean. Emozio handiko tartea izan da.

Telefonican arrisku handia sortu da, bost zezen ezkerreko harresia ukitzen pasatu direlako. Bertan, gainera, hainbat korrikalari harrapatu eta zapaldu dituzte, baina abiadura handiaren ondorioz.

Tarte horretan urteko arduragabekeria larriena ikusi dugu: gazte batek argazkia egin dio bere buruari, zezenen adarren aurrean. Ez da ezer gertatu, baina bere burua arriskuan jarri du, eta baita ingurukoak ere.

02:27 minutuan sartu dira zezen gehienak ukuiluetan. Azkenak, berriz, hamar segundo gehiago behar izan ditu.

Jandillaren ibilbide beltza

Jandillako zezenak duela lau urte izan ziren azkenekoz Iruñean, eta ikusmen handia zegoen gaurkoan. Ganadutegi hau aurtengo sanferminetako arriskutsua zen, eta historia osoan adardaka gehien eman dituen hirugarrena (27).

Hain zuzen ere, 2010. urteko uztailaren 14an egin zuten azken entzierroa, eta lasterketa lau pertsona adarkatu zituzten.

Aurreko urtean, 2009ko uztailaren 10an, Jandilla batek Daniel Jimeno gazte madrildarra hil zuen, lepoan adarkada bat emanez. Entzierroan hildako azken korrikalaria izan.

Iruzkinak

  • Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea
    Publizitatea

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena