Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Bilboko Bandera

Oriok eman du lehen kolpea Bilboko itsasadarrean, eta lidertzan hasi du Eusko Label Liga

G. P. A. | EITB Media

Oriok nagusitasunez bereganatu du Bilboko Bandera, denboraldiko lehen estropada puntuagarrian. Zierbena eta Donostiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.

  • Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Bilboko itsasadarrean. Argazkia: EFE

    Orioko arraunlariak garaipena ospatzen, Bilboko itsasadarrean. Argazkia: EFE

Oriok irabazi du Bilboko itsasadarrean gaur jokatu den Bilboko Bandera, Eusko Label Ligako lehen estropada puntuagarria, eta, horrenbestez, lider jarri da gizonezkoen eliteko traineruen sailkapen nagusian.

Gorka Aranberrik zuzendutako kuadrilla zen faborito nagusia, denboraldi hasieran lehiatu diren txapelketa guztietan gailendu baita, eta ez du hutsik egin Bilboko uretan jokatutako erlojupekoan.

Oriokoak hasieratik izan dira nagusi, eta garaipena bideratuta utzi dute lehen ziabogarako. 19 minutu eta 43 segundo behar izan dituzte lanak bukatzeko. Bigarren posturako, berriz, lehia estua izan dute Zierbenak eta Donostiarrak, eta, azkenean, bizkaitarrak sailkatu dira aurretik, 5 segundoko tartearekin, azken luzea erritmo bizian eginda eta gipuzkoarrei aurrea hartuta.

Urdabaik laugarren tokian amaitu du erlojupeko saioa. Iazko txapeldunarentzat ohorezko txandan aritu izana emaitza ona da, taldean aldaketa asko izan dituztela kontuan hartuta.

Bestalde, San Juan izan da azkena Eusko Label Ligako lehen jardunaldi honetan. Iaz lortu zuen gorengo mailara igotzea, eta denboraldi hasierako txapelketetan nahiko maila ona eman du. Gaur huts egin du, baina lehia hasi besterik ez da egin.

Bilboko itsasadarrean jokatutako erlojupekoaren sailkapena.

Bilboko itsasadarrean jokatutako erlojupekoaren sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapena.

Eusko Label Ligako sailkapena.