Eusko Label Liga: Orio
Ondarroako Bandera
Oriok Ondarroan ere ez du aurkaririk izan
I. G. | EITB
Aurtengo 12. bandera irabazi du Gipuzkoako traineruak, eta are bideratuago utzi du liga, 176 puntu baititu jada.
Oriok irabazi du larunbat honetan jokatu den Eusko Label Ligako XLI. Ondarroako Bandera. Gipuzkoako traineruak aurtengo 12. bandera irabazi du, eta are bideratuago utzi du liga, 176 puntu baititu jada.
Hasiera ohi baino parekatuagoa izan da ohorezko txandan. Oriok eta Zierbenak erritmo bizia jarri dute, baina lehen ziabogaren ostean Donostiarrak olatu ona harrapatu du eta buruan jarri da. Hala ere, ez du asko iraun, eta hirugarren ziabogarako, Oriok, aurreko estropadetan bezala, bere nagusitasuna erakutsi du, 19 minutu eta 49 segundoko denbora eginda. 10 segundoko abantaila atera dio bigarrenari, Zierbenari, 17koa Donostiarrari eta 32koa Urdaibairi.
Ondarroa gainditu beharreko lehen denbora ezarri du bere etxean, lehen txandan 20 minutu eta 45 segundoko denborarekin nagusituta. Haren atzetik heldu dira Cabo (+10), Ares (+19) eta Kaiku (+47).
Bigarren txandan, aldiz, Getaria izan da jaun eta jabe, eta Urdaibai gainditu du sailkapenean. Gipuzkoako trainerua nagusitu zen Ondarroan iaz, eta aurten ere sorpresa eman nahi izan dute. Lehen ziabogatik agindu dute, eta helmugan alde zabala atera die aurkariei, 20 minutu eta 16 segundoko denbora markatuta. Hondarribia 12 segundora heldu da, Lekittarra 30era eta San Juan 45era.
Ondarroako Banderako sailkapena.
Eusko Label Ligako sailkapen nagusia.


