Arrauna
Aresko Bandera
Oriok irabazi du Eusko Label Liga, Aresko Bandera bereganatuta
G. P. A. | EITB
Orio zen Liga irabazteko faborito nagusia, eta nagusitasun handiz gailendu da. Galiziako uretan, Urdaibai izan da bigarrena eta Donostiarra hirugarrena. Bestalde, Cabo bigarren mailara jaitsiko dela baieztatu da.
Oriok irabazi du Aresko Bandera, eta, horrenbestez, Eusko Label Ligako txapelduna da matematikoki. San Nikolas ontziak nahikoa zuen gaurko estropadan bosgarren amaitzea liga eskuratzeko, baina ez du emaitzarekin espekulatu, eta denboraldi osoan erakutsi duen nagusitasunarekin gailendu da.
Gainera, Urdaibairen marka berdindu du, 14 garaipen lortuta, eta errekor hori hobetzeko aukera izango du, liga bukatzeko bi jardunaldi gelditzen baitira oraindik.
Galiziako uretan, Urdaibai eta Donostiarra izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Bestalde, Cabo bigarren mailara jaitsiko dela baieztatu da.
Ohorezko txandan, Orio ez da ohiko indarrarekin atera, eta buruan berehala jarri bada ere, Zierbena gainean izan du estropadaren lehen zatian, eta Urdaibaik eta Donostiarrak ere ondo eutsi diote.
Gorka Aranberrik zuzentzen duen ontziak hirugarren luzean bideratu du garaipena, eta 20 minutu eta 12 segundoko denborarekin amaitu ditu lanak, Aresko Bandera eta, bide batez, Eusko Label Liga eskuratzeko. Denboraldia biribiltzeko, Kontxako Bandera irabaztea eta Urdaibairen garaipen marka hobetzea bakarrik falta zaio orain Iker Zabalak entrenatzen duen taldeari.
Bigarren posturako, berriz, lehia estua izan dute Zierbenak eta Urdaibaik. Bermeoko ontziak oso maila ona eman du, eta bigarren sailkatu da azkenean. Galipoak, berriz, hondoratu egin dira azken luzean, eta laugarren amaitu dute, Donostiarrak aurrea hartuta.
Bigarren txandan, Hondarribia, Getaria, San Juan eta Lekittarra lehiatu dira. Lau ontziak abiatu eta gutxira, eguraldiak okerrera egin du bat-batean. Euri-zaparrada bota du eta haizeak gogor jo du lehendabiziko minutuetan, eta horrek erabat baldintzatu du estropada.
Bigarren zatirako, baina, nolabaiteko barealdia izan da, eta lau ontziek azkarrago egin dute arraun. Hondarribia gailendu da, lanak 20 minutu eta 50 segundoan amaituta, eta haren atzetik sartu da Getaria (+3). San Juanek (+24) eta Lekittarrak (+33), berriz, atzerapen handia izan dute.
Lehendabiziko txandan, Ondarroak estropada oso ona egin du, eta hasieratik bukaeraraino izan da bere aurkariak baino asko gehiago. Ares izan da bigarrena (+16), Kaiku hirugarrena (+39) eta Cabo azkena (+57).
Bigarren mailara jaistear dela jakitun, Galiziako ontzia etsita atera da. Lehenbiziko hiru minutuetan, 12 segundoko galera izan du, eta ia minutu bateko atzerapenarekin helmugaratu da. Hala, Cabok matematikoki agur esan dio Eusko Label Ligari.
Aresko Banderaren sailkapena.
Eusko Label Ligako sailkapena.


