Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Igande honetan

Kontxako lehen borrokaldia

Agentziak | Erredakzioa

Hondarribia eta Urdaibai faborito dira denboraldiko bandera estimatuenaren lehen jardunaldirako. Orio ustekabea emateko prest doa, eta hori ere kinieletan sartzen da.

  • Urdaibai garaile atera zen 2014an. Argazkia: EiTB.

    Urdaibai garaile atera zen 2014an. Argazkia: EiTB.

Hondarribia eta Urdaibai faborito irtengo dira Kontxako Banderaren lehen jardunaldian; Oriok ere aukerak ditu, eta ustekabea eman nahi du. Proba, gizonezkoetan, 12:00etan hasiko da, igande honetan; estropada ETB1ek eta eitb.eus-ek emango dute zuzenean. Emakumezkoetan, lau sailkatuek 11:30etik egingo dute arraun.

Hondarribiak eta Urdaibaik aukerak dituzte zeren eta denboraldi osoa eman baitute San Miguel Ligako lehen postuetan, erregulartasuneko txapelketako bi onenak baitira eta, gainera, sailkatze-estropadan oso ondo eta oso elkarrengandik oso gertu ibili baitziren.

Sailkatze-estropada horretan egindako denborak Kontxako Banderan ez direnez kontuan izanik, denak zerotik abiatuko dira; baliteke Hondarribia bermeotarrak baino apur bat gorago egotea. Dena dela, Urdaibaik badaki zer den ustekabea ematea estropadarik garrantzitsuenean; hain zuzen, iaz bandera eskuratu zuen, Donostiako Badian erakustaldia eman ostean.

Orio eta Kaiku, ustekabearen bila

Oriok ere eman nahi dio buelta aurreikuspenari. Oso ondo moldatzen dira oriotarrak Kontxan; izan ere, inork ez du irabazi haiek baino gehiagotan. Dena dela, euren azken garaipena 2007an lortu zuten, aspaldi.

Kaikuk ere baditu aukerak oso goian egoteko. Sestaoko ontzia ez da ibili, hala ere, denboraldian zehar, espero bezain ondo. Orain dela hiru urte eskuratu zuten Kontxako Bandera azken aldiz.

Gainerako tripulazioek zail izango dute ohorezko txandarako sailkatzeko; hala eta guztiz ere, Tiran, San Pedro edo San Juanen egun on batek sari handi hori eman liezaieke denboraldiaren amaiera honetan.

Osteguneko sailkatze-estropadaren ostean egindako zozketaren arabera, igandeko bi txandak horrela geratu dira:

1. TXANDA: Donostiarra, Bermeo, San Pedro, Orio.

2. TXANDA: Tiran, Kaiku, San Juan, Hondarribia.

Emakumezkoen estropada

Emakumezkoei dagokienez, Zumaia, Hibaika, Orio eta San Juan lehiatuko dira biharko estropadan. Zumaia eta San Juan, azken bi irabazleak, faboritoak dira, baina aurreikuspena oso parekatuta dago, lau ontzien artean.