Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Urdaibaik jarraipena eman dio bolada onari Getxoko Bandera eskuratuz

I. G. | EITB MEDIA

Bermeotarrek hirugarren garaipena jarraian bereganatu dute, bosgarrena guztira. Hala, kolpe garrantzitsua eman diote Ligari.

1:03
Urdaibai

Urdaibaik irabazi du Getxoko Ikurrina larunbat honetan, uztailaren 29an, eta jarraipena eman dio bolada onari denboraldi honetako hirugarren garaipena jarraian bereganatuz, bosgarrena guztira.

Ur bizietan lehiatu den bandera honetan Santurtzi, Kaiku, Samertolameu eta Ondarroa izan dira uretara sartzen lehenak. Galiziarrak atzean geratu dira beste behin eta txanda beste hiruren esku utzi du, Santurtzik abantaila txiki bat zuelarik. Baina Ondarroak bigarren itzuli aparta egin du aurretik jartzeko eta lehen txanda bereganatzeko 21 minutu eta 40 segundoko denborarekin. Santurtzi bigarren izan da (21:48), Kaiku hirugarren (21:57) eta Samertolameu laugarren (22:20).

Bigarren txandan Getaria, Orio, Lekittarra eta Cabo aritu dira. Oso txanda parekatua izan da eta lau traineruak batera iritsi dira bigarren ziabogara, baina bertan Lekittarra buian trabatuta geratu da, eta txanda lehiatzeko aukera oro galdu du. Azkenean, Orio egin da txandaren jabe 21 minutu eta 16 segundoko denborarekin, gainditu beharreko marka ezarriz. Bigarren Getaria (21:20) izan da, hirugarren Cabo (21:23) eta laugarren, minutu erdira, Lekittarra (21:51).

Azkenik, ohorezko txandan Urdaibai, Zierbena, Donostiarra eta Hondarribia irten dira. Urdaibaik ez du aurkaririk izan bertan eta aise egin die ihes aurkariei. Hala, txanda eta bandera bereganatu ditu 20 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Bigarrena Hondarribia (20:44) izan da, ondoren Donostiarra (20:53) eta laugarren Zierbena (20:57).

Hala, bada, Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko lehen postuan da Urdaibai 88 punturekin. Talde bizkaitarrak bi puntuko abantaila du bigarren den Hondarribiarekiko (86 puntu) eta zazpi puntu ateratzen dizkio hirugarren den Zierbenari (81 puntu).

Bestalde, jaitsiera saihesteko lehian Ondarroa (31 puntu) hamargarren dago, Santurtzi (26 puntu) hamaikagarren eta Samertolameu (14 puntu) hamabigarren.

Getxoko Banderako sailkapena

Getxoko Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Getxoko Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia

Eusko Label Ligako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapena. Argazkia: EITB Media