Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Hondarribiako Bandera

Urdaibaik ligako aldea handitu du Hondarribian erakustaldia emanda, Santurtzi deskalifikatu duten egunean

EITB MEDIA

Bou Bizkaia ontzia jaun eta jabe izan da txanda nagusian, eta garaipena lortu du Zierbenaren, Hondarribiaren eta bigarren txanda irabazi duen Orioren aurretik.

1:14
Hondarribiko Bandera

Urdaibaik aurrerapuso garrantzitsua eman du Eusko Label Liga irabazteko lehian, Hondarribiko Banderan gailenduta. Ontzi bizkaitarrak erakustaldia eman du ligako 11. jardunaldian, Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra gainditu ditu ohorezko txandan, eta Oriok bigarrenean gindako denbora bikaina ere hobetu du.

Garaipen honi esker, Gorka Aranberriren ontziaren seigarrena, Urdaibaik ligako lidertza sendotu du eta 3 puntu ateratzen dizkio orain Hondarribiari, eta 9 Zierbenari.

Bermeoko trainerua aurretik jarri da lehenengo paladetatik, Orioren denbora (20:03) erreferentzia modura hartuta. Lehen ziabogan, eta eguraldiak nabarmen okerrera egin duen arren, Bou Bizkaiak 2 segundo atera dizkio Donostiarrari, 3 Zierbenari eta 8 Hondarribiari. Alde horiek handitu egin ditu hurrengo metroetan, baina Orioren denbora berdinean ibili da estropadako lehen zatian. Bigarren ziabogan, esaterako, oriotarren denbora berdina egin dute bermeotarrek (9:54).

Estropadako bigarren zatian, Urdaibaik lehen postuari eutsi dio, eta lehia atzekoen artean eman da. Zierbenak denbora errekuperatu du, bigarren postua lortuta, eta Hondarribiak, azken txanda oso ona eginda, hirugarren izan da azkenean. Donostiarra makal aritu da azken metroetan eta 16 segundora sartu da.

Bigarren txandan, Oriok garaipen eroso eta erraza lortu du. Getaria 23 segundora sartu da, Cabo 26ra eta Lekittarra 53ra.

Santurtziren deskalifikazioa

Lehenengo txandan, Santurtzi protagonista izan da berriro. Itsasoko ama deskalifikatu egin dute estropadaren buruan zihoanean, Kaikuren kalean sartu eta Sestaoko ontziarekin palak elkar jo ostean. Soterak azken asteetan izan duen hirugarren gertaera izan da.

Bestela, txanda Kaikuk irabazi du, Ondarroaren eta Samertolameuren aurretik.

Eusko Label Ligako sailkapena

Hondarribiako Bandera jokatuta, Urdaibaik lider jarraitzen du Eusko Label Ligako sailkapenean 11 punturekin. Hondarribia bigarren da 3 puntura, eta Zierbena hirugarren, 9 puntura.

 

Hondarribiako Banderako denborak

Hondarribiako Banderako denborak

EuskoLabel Ligako sailkapena

EuskoLabel Ligako sailkapena